‘Euskaraz barra-barra’ ekimenarekin bat egin du Zornotzako Udalak, arlo sozioekonomikoan euskararen erabilera indartzeko

Anboto 2023ko api. 3a, 17:00

‘Euskaraz barra-barra’ herritarrek euskaraz hitz egin dezaketen guneak identifikatzen dituen ikurra da, marka hori duten establezimenduetan euskara erabiltzeko aukera bermatzen duena.

Zornotzako Udalak ‘Euskaraz barra-barra’ egitasmoarekin bat egin du, bereziki, herriko merkataritzan, ostalaritzan eta zerbitzuen sektorean euskarari bultzada eman eta hizkuntzaren erabilera indartu eta sustatzeko asmoz. Halaxe jakin eragin dute ohar baten bitartez.

'Euskaraz barra-barra' euskaraz hitz egin daitekeen guneak edota establezimenduak identifikatzen dituen ikurra da, euskara erabiltzea bermatzen duen marka. Izan ere, establezimendu batean ikur hori ikustean, establezimendu horretan euskaraz hitz egin edo artatuko dutela jakingo dute herritarrek. Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde publikoak elkarlanean sortutako ekimena da. Amaia Aurrekoetxea udaleko euskara saileko zinegotziak azaldu duenez, "euskaraz egiteko aukera bermatuko duen marka bateratu, unibertsal eta iraunkorra izango da”.

Guztira 90 herrik eta 1644 establezimenduk eman dute izena ekimenean eta asmoa da Euskal Herri osora zabaltzea. 'Helburu nagusia da Euskal Herriko ahalik eta establezimendu gehienetan euskara erabiltzeko aukera bermatzea, erabilera sustatzeko, euskal hiztunen nahasmen eta estres linguistikoa murrizteko, herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatu eta bermatzeko, eta, euskararen biziberritzearen inguruan kontzientziazioa eta konpromisoak sustatzeko", ekimenaten bultzatzaileek azaldu dutenez.

Ahalik eta establezimendu gehien batu gura dituzte

Aurrekoetxeak azaldu duenez, "udalarentzat herrian marka hau zabaltzea oso garrantzitsua da, gurea herri euskalduna delako eta asko direlako euskaraz jakin eta egunerokotasunean euskaraz aritzen diren herritarrak, eta bezeroari arreta bere hizkuntzan eskaintzea zerbitzuaren kalitatea bermatzeko ezinbesteko oinarria da”. Egitasmo hau ahalik eta establezimendu gehienetara zabaltzea da helburua.

Apiriletan establezimenduetara bisitak egingo dituzte, bakoitzaren hizkuntza
egoera aztertzeko eta marka jartzeko prozesua abiarazteko (euskarriak aukeratu, epe ertain-luzerako helburuak adostu….). Ekainetik aurrera sustapen kanpainak abiatuko dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!