Automobilgintzaren sektorea garatzeko zentro berria zabaldu dute Boroan: Automotive Intelligence Center

Anboto 2023ko mar. 10a, 13:52

Azpiegitura berriak "digitalizazioarekin, konektibitatearekin eta elektrifikazioarekin lotutako jarduerak" hartuko ditu, "mugikortasunerako irtenbide berriak" aztertzeko. 

Goiz honetan AIC-Automotive Intelligence Center eraikin berria inauguratu dute Boroako industrialdean. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan automozioaren sektorea garatzeko eta ikertzeko zentro berria. Bertan esku hartzen duten enpresek "mugikortasunerako irtenbide berriak" landu gura dituzte, "digitalizazioa, konektibitatea eta elektrifikazioa" aztertuta. Momentuz, CAF eta Gestamp dira eraikin berrian esku hartzen duten enpresetako bi. Jada hasiak daude bertan lanean.

Inaugurazio ekitaldian Iñigo Urkullu lehendakaria, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusia, Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkatea, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburua eta Idoia Mendia lehendakariordea egon dira. Urkullu lehendakariak azaldu duenez, automobilgintzaren sektorea "funtsezkoa" da Euskal Autonomia Erkidegoarentzat, eta sektoreko enpresak animatu ditu "kalitatezko enplegu-aukerak" sortzeko "ekiten, inbertitzen eta berritzen" jarraitzera. Lehendakariak automozioaren sektoreak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen garrantzia ekonomikoa azpimarratu du. Hain zuzen ere, automobilgintzaren industriak hartzen du Euskal Autonomia Erkidegoko Barne Produktu Gordinaren "%25". Horrez gainera, lehendakariak adierazi du sektore horretako enpresa asko -Gestamp. CIE Automotive eta Mondragon Taldea, adibidez- munduko lehen 100 enpresen" artean daudela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!