Aurreko Euskaraldian parte hartu zenuten?
Bai, aurreko aldietan parte hartu izan dugu.
Ahobizi modura, ezta?
Bai, denok euskaldunak gara eta. Nik neuk urteko egun guztietan darabilt euskara, emaztea euskalduna da eta, dimoztarra. Aurreko aldietan Ahobizi izan naiz eta neure aletxoa ipini dut ekimenaren eta euskararen alde Zornotzan. Orain artekoak esperientzia politak izan dira.
Euskaraldiko egunetan igartzen duzu euskara gehiago erabiltzen dela kalean eta jendeak euskarara sarriago jotzen duela?
Jendea normalean baino gehitxoago animatzen dela igartzen dut, bai. Orain bat hemen, gero bestea han… entzuten da. Euskara kalera ateratzea garrantzitsua da, erabileran aurrerapausoak emateko.
Euskaraldia aste biko ariketa izaten da, baina urteko gainerako egunetan zelan ikusten duzu euskararen egoera herrian?
Adin tarteen arabera egoera eta erabilera aldatu egiten direla esango nuke.
Bada, joan gaitezen adin tarteka, orduan. Ume eta gazteen artean zelan ikusten duzu euskararen erabilera?
Gazteen artean gaztelania asko entzuten dut. Ni Larreako igerilekura joaten naiz eta han neska-mutil koskor asko ibiltzen da ni joaten naizen ordutegian, hamar-hamaika urte ingurukoak. Eta, egia esanda, euskara gutxi entzuten dut euren artean. Monitoreak edo irakasleak gogorarazten dietenean bai, orduan egiten dute, baina euren kontura dabiltzanean… gutxi. Pena da euren atzetik ibili beharra euskaraz egiteko etengabe gogorarazten. Natural irten behar litzaieke. Gure etxean ere ikusten dut, e? 12 eta 8 urteko semeak ditut eta euskaldunak dira, baina batzuetan gaztelaniara jotzen dute. Guk etxean betiko moduan jarraitzen dugu, euskaraz egiten dugu beti, baina gero lagun artean dabiltzanean, beste kontu bat da.
Jakintza inoiz baino hobea dela esaten da, baina erabili ezik…
Alferrik da! Nik ez dakit moda kontua den edo zer den. Gaztelaniaz berba eginda inportanteago edo sentituko balira lez da, ez dakit zelan esan. Euskara toki espezifikoetarako hizkuntza bat da eurentzat, gurasoekin dabiltzanean eta horrelako markoetan egitekoa. Interneten eta sare sozialen eragina izan daiteke, beharbada. Azken batean, zeintzuk dira, ba, euren erreferentziak? Youtuberrak eta horrelakoak. Eta youtuber euskaldun gutxi dago. Beharbada hori faktore bat da.
Nagusien artean euskara gehiago entzuten da?
Bai, Zornotzan, auzoetan-eta, euskara entzuten da eta nagusienen artean hitanoa mantentzen dute, gainera. Eremu horietan hitanoari eusten diote oraindino. Baina hitanoa ez da transmititzen belaunaldi berrietara, eta penagarria dela uste dut. Nik sarritan pentsatzen dut hitanoa erreminta interesgarria dela gazteak euskarara hurreratzeko. Hitanoak beste ukitu bat du, gertukoagoa.
Euskaraldia ate joka dagoen honetan, baduzu gomendiorik zornotzarrentzat?
Gomendioak eman baino gehiago, zornotzarrak aurtengo Euskaraldian parte hartzera gonbidatu gura ditut. Arlo honetan ahalegin guztiak garrantzitsuak dira euskararen normalkuntzarako.