Zornotzako EH Bilduk hauteskundeetarako hautagaiak aurkezteko epea zabaldu zuen atzo. Mahai politikoak Ander Uriarte Pujana proposatu du udal hauteskundeetarako zerrendaburu modura, baina proposamen hori ez dago itxita. Koalizioak zabalik dauka-eta hautagai gehiago aurkezteko epea. Abenduaren 1etik 3ra Uriarteren aukera berresteko barne-bozketa bat egingo dute, eta bertara beste hautagairik aurkezten ez bada, Uriarte bera izango da behin-betiko zerrendaburua. Aldiz, barne-bozketara beste baten bat aurkezten bada, hautagaien arteko bozketa berri bat egin beharko dute abenduaren 15etik 17ra.
Ander Uriarte Zornotzako Lanbide Heziketa zentroko irakaslea da eta EH Bilduren zinegotzia izan da azken zortzi urteotan. Koalizioak "udaletxeko ardurak ondo" ezagutzen dituela dio, eta kaleko lana zer den "inork baino hobeto" dakiela iritzi dio. Herriko komertzioekin eta "auzorik auzo" egindako lanak ipini dituzte horren adibide modura.