“Barnetegian denbora guztian euskaraz hitz egiten dugu, batere lotsa gabe”

Anboto 2022ko uzt. 18a, 09:03

Perun jaio zen arren, Juan Carlos Cárdenas Arrigorriagan bizi da. Administrazioan lan egiteko hasi zen euskara ikasten, eta orain beste urrats bat eman du: lankideekin eta alabagaz euskaraz berba egin gura du. Bere euskara hobetzeko, Zornotzako barnetegian ikastaro trinko bi egiten dabil uztailean zehar. Gaurko ariketa ANBOTOko galderei erantzutea izan da. Bikain gainditu du proba. 

Zerk bultzatuta eman duzu izena barnetegian?
Eusko Jaurlaritzan lan egiten dut eta orain dela urte batzuk euskara ikastea erabaki nuen. Hasieran, lanagatik bakarrik hasi nintzen ikasten, baina orain alabarekin eta lagunekin euskaraz hitz egin nahi dudalako jarraitzen dut ikasten. 

Zenbat egun egongo zara barnetegian?
Uztailean 30 egun egingo ditut. Bi ikastaro trinko egin nahi ditut. Denbora gehiago banu hiru ere egingo nituen, baina, oraingoz, honekin nahikoa da. Barnetegia oso leku egokia da euskara ikasteko eta praktikatzeko. 

Egun osoan euskara ikasten eta praktikatzen, igartzen duzu aurrerapausorik?
Egunero euskaraz hitz egiten dut ikaskide eta irakasleekin, eta barnetegian ikastea aukerarik onena da; modurik azkarrena da euskara hobetzeko. 

Zein da barnetegian duzuen dinamika?
08:00etan gosaldu eta 08:30etik 14:00etara klasea izaten dugu, ordu erdiko atsedenaldi batekin. Goizean gramatika eta mintzapraktika lantzen ditugu. Arratsaldean, 15:00etatik 18:00etara, euskara jolasak eta berba egiten dugu. Ostegunetan txangoak egiten ditugu lekuak ezagutzeko. Joan zen ostiralean Añanara joan ginen, esate baterako. 

Zein giro topatu duzu?
Giroa oso ona da eta euskara praktikatzeko gaude denok. Denbora guztian euskaraz hitz egiten dugu, batere lotsa gabe (barrez). Hori oso garrantzitsua da edozein hizkuntza ikasteko. Lagun berriak egiteko ere oso giro ona dago.

Zure egunerokotasunean, zein lotura duzu euskaragaz?
Nire lankideek euren artean euskaraz hitz egiten dute normalean. Orain ni ere saiatzen naiz beraiekin euskaraz egiten. Oraingoz belarriprest naiz, ez daukat maila nahikorik ondo hitz egiteko, baina ulertzeko bai. Nire alabak euskaraz ikasten du eta berarekin ere hitz egin dezaket. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!