34 urteko behargin bat hil da Zornotzako enpresa batean gertatutako lan istripuan

Anboto 2022ko uzt. 1a, 16:17
Artxiboko irudia. LABek Aludium enpresan deitutako mobilizazioa.

Zornotzako Aludium enpresan gertatu da ezbeharra, 12:30ean. Azpikontratatutako enpresa bateko langilea zen.

34 urteko gizon bat hil da lan istripuan Zornotzako Ibarguren industrialdeko Aludium enpresan. Ezbeharra 12:30ean gertatu da, langilea mantenu lanak egiten ari zela. LABen  arabera azpikontratatutako enpresa bateko langilea zen. Azpikontratako makineria mantentzeko langilea zela eta makina gainera erori zaiola azaldu du sindikatuak prentsa oharrean.

LABek dioenez, "gaur gertatutakoa ez da berria, urtero honelako lan istripuak ditugu, azpikontratako langileak hiltzen dira lan baldintza kaskarrengatik. Ez dago aitzakiarik hiru lanegunetik behin langile bat hiltzeko. Argi daukagu lan istripuak ez direla zoriak edo kasualitateak sortuak, ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren, lan arautegiaren eta azpikontratazioaren emaitza dira".

Atzo Luiaondon gertatutako istripua gogora ekarri du LABek. Furgoneta bateko gidaria trafiko-istripuan hil zen. Gaurkoarekin, gutxienez, Euskal Herrian aurten 42 izan dira hildako langileak.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!