Andoni Agirrebeitia ez da aurkeztuko 2023ko udal hauteskundeetara

Anboto 2022ko mai. 26a, 21:29

Andoni Agirrebeitiak 2023ko udal hauteskundeetara ez dela aurkeztuko iragarri die alderdi kideei gaur egindako batzarrean. Zornotzako EAJk iragarri du hautagai berria aukeratzeko prozesua gaur bertan jarriko duela martxan. Ekain amaierarako hautagaia izatea aurreikusten dute.

EAJk prentsa ohar bidez jakitera eman duenez, Andoni Agirrebeitia ez da hurrengo udal hauteskundeetara aurkeztuko. Horrela azaldu die Agirrebeitiak berak alderdikideei gaur egindako batzarrean. "Alderdiari eskerrak eman gura dizkiot, baita urte hauetan ondoan izan ditudan alderdikidei. Eta nola ez, zornotzarrei; momentu zailetan laguntzeagatik. Herri honetako alkatea izatea ohore bat da. Eskerrik asko bihotzez", esan du Agirrebeitiak.

Agirrebeitiak 16 urte egingo ditu Zornotzako Udalean. Azken bi legegintzaldietan Zornotzako alkatea izan da, eta aurretik beste zortzi urtez zinegotzi lez egon zen.

Bestalde, EAJk jakitera eman du hautagai berria aukeratzeko prozesua martxan jarriko dutela eta ekain amaierarako hautagaia izatea espero dutela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!