Hitanoa lantzeko berba-taldea sortzeari ekin diote Zornotzan

Anboto 2022ko urt. 11a, 19:30

Zortzi-hamar laguneko taldeak osatu gura dituzte otsailetik ekainera bitartean hitanoa lantzen aritzeko.

Zornotzako Udaleko euskara zerbitzuak hitanoa lantzeko berba-taldea sortu gura du. Otsailetik ekainera bitarteko saioak antolatu gura dituzte, zortzi-hamar laguneko taldeetan antolatuta. Taldeok aste birik behin elkartzea da asmoa, eta saio bakoitza bi ataletan banatuko dute. Hitanoari loturiko aditz formak eta berezitasunak azalduko dituzte batetik, eta berbaldi praktikoak landuko dituzte, bestetik. Udaleko euskara zerbitzuak adierazi du ez dela Berbalagun talde arrunta izango, eta, beraz, ezinbesteko baldintza izango dela euskaraz ondo jakitea eta Mendebaldeko euskaran moldatzeko gaitasuna izatea.

Egitasmoan parte hartu gura duten herritarrek euskara zerbitzuarekin ipini beharko dute harremanetan. 94 6300002 (120 luzapena) telefonora edo euskara@amorebieta.eus  helbidera jo dezakete horretarako.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!