Zornotzako euskaltegiek herritar bakoitzaren beharrizanei begirako proposamenak prestatu dituzte ikasturte honetarako. Eguerdi honetan agerraldia egin dute Barnetegiko zuzendari Maribi Zubiagak, AEK-ko kide Igor Landaluzek eta urritik aurrera Udal Euskaltegiko zuzendaria izango den Begoña Begiristainek. Eurekin batera Amaia Aurrekoetxea egon da, Zornotzako Udaleko euskara zinegotzia. A1etik C2ra arteko mailak eskaintzeaz gainera, herriko merkatariei, migratzaileei eta gurasoei eskainitako proposamenak prestatu dituzte.
Barnetegiko zuzendari Maribi Zubiagak azpimarratu du iaz online ikastaroen gorakada igarri zutela. Koronabirusa izan da, antza, horren bultzatzailea, eta aurrera begira bide horretan sakonduko dutela gaineratu du. Esate baterako, astean sei orduko klaseak eskainiko dituzte online, aurrez aurre eta telematikoki. AEK-ko kide Igor Landaluzek adierazi du "beti bezain gogotsu" ekin diotela ikasturteari. "Ordutegi eta modulazio aukera zabala dugu, eta gurasoentzako eta merkatarientzako eskaintza berezia prestatu dugu. Aurten ez dugu edukiera mugarik izango, baina segurtasun neurriek eutsiko diegu". Begoña Begiristainek Udal Euskaltegiko ardura hartuko du urritik aurrera. Adierazi du bertan izena ematen duenak epeka ordaindu ahalko dituela matrikulak, eta gaineratu du langabetuek 10 euro ordaindu beharko dituztela matrikulazioko. Bertan izena emateko epea zabalik dago. Sarbide probak irailaren 21ean eta 22an egingo dituzte.
Diru laguntzak, prest
Amaia Aurrekoetxea euskara zinegotziak eskertu egin du herrian euskara irakasteko lanetan ari diren eragileen lana, eta herritarrak animatu ditu izena ematera. Aurrekoetxeak, halaber, gogorarazi du udalak diruz laguntzen dituela euskara ikasteko hautua egiten duten herritarrak, eta diru-laguntza horiek ikastaroak bukatutakoan lortu daitezkeela.