Saioa Agirreri eta gainerako auzipetuei babesa emateko manifestazioa, gaur, Zornotzan

Anboto 2021ko eka. 25a, 18:00

Martxa 13:00ean abiatuko da Erreferendum Plazatik. Sindikatuek, 20tik gora eragilek eta 500dik gora herritarrek egin dute bat Saioa Agirre eta 13/13 makroepaiketan auzipetutako besteak babesteko egitasmoagaz.

Datorren uztailaren 12an Euskal Herriko zortzi herritarren aurkako epaiketa hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean. Tartean, Saioa Agirre zornotzarra epaituko dute. Fiskaltzak 7 urteko espetxe zigorra eskatzen du harentzat, eta hori guztia salatzeko, Zornotzan manifestazioa egingo dute gaur. Mobilizazioa 13:00etan abiatuko da Erreferendum Plazatik. Deialdia hainbat eragilek babestu dute. Honakoak dira: ELA, LAB, Steilas, ESK, CNT, UGT-Alcoa eta EHNE sindikatuak, Belatxikieta Elkartea, Zornotzako pentsiodunak, Bertso Eskola,  Otxotea, Ongietorri Errefuxiatuak plataforma, Altzona Hazkuntza Taldea, Udazken Txistularien Taldea, Akelarre Aniztasunaren Aldeko Plataforma, Bizkargi 1937 Zanpantzar Taldea, Harrera Taldea, Burdin Hari, Ernai, Munarri Gaztetxea, Zornotzako Gazteak, Afrikarren Elkartea, Elkartasun Sarea, M8 Plataforma, Suhaziak eta Talde Feminista.

Manifestazioaren deitzaileek gogora ekarri dutenez, Agirre "2010eko apirilaren 14an atxilotu zuen Guardia Zibilak Sopelako eskolan, hiru urteko umeekin lanean ari zela. Bost eguneko inkomunikazio aldian torturatua izan zen eta emakume izateagatik sexu-erasoak eta umiliazioak pairatu zituen".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!