Zornotzako Udalak koronabirusaren kudeaketan egindako lanaren balorazioa egin du

Anboto 2021ko urt. 5a, 22:19

"Baliabide ekonomiko eta materialez gainera giza baliabide asko inbertitu ditugu koronabirusaren kudeaketan", azaldu dute

Udalaren arabera, helburua udalerriko negozioei laguntzea da, merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu osagarriak sustatuz eta lagunduz, baita udalerrian dauden zerbitzu profesionalak ere, Enplegu eta Sustapen Ekonomikoaren zerbitzuaren bidez.

Martxan jarritako egitasmoak ere gogora ekarri dituzte. Besteak beste, Amorebono 2020 ekimenak 960.500 euroko inpaktu globala izan zuela diote prentsa oharrean. Udalak egindako azken ekarpena, azaroan onartu ziren ostalaritzako establezimenduetarako eta zerbitzu osagarrietarako zuzeneko aparteko laguntzak izan dira: 84 eskaera erregistratu dituzte eta 87.000 euro ordaindu dituzte.

Martxoaren 14an, alarma-egoera deklaratu eta berehala, emandako pausoak gogora ekarri dituzte. "Gerora sortutako krisiaren ondorio sozioekonomikoak arintzeko, 3D inprimagailuz egindako maskarak egin eta hauek, irekita zeuden saltokietako langileen artean banatu genituen. Segurtasun-kitak prestatu zituzten, negozioak berriz irekitzen laguntzeko. Kit hauek 3 litro gel hidroalkoholiko, banagailua, 3D maskarak, maskara kirurgikoak eta latexezko eskularruak zituzten eta 350 negoziori eman zitzaizkien", dio udalak.

285.000 euroko inbertsioarekin, Zornotzako Udalak Amorebono 2020, tokiko kontsumoa dinamizatzeko kanpainarik handiena abiarazi zuen joan den ekainean .100 negoziok hartu zuten parte eta salgai jarritako 57.000 bonoetatik, guztira 48.025 bono saldu ziren. Ekimenak 960.500 euroko eragin ekonomiko globala izan zuen.

Urrian, udalak laguntza-lerro berri bat jarri zuen abian, ustekabean, negozioak berriro irekitzeko enpresa txiki eta ertainek eta autonomoek egin behar izan zituzten inbertsioetan laguntzeko. Laguntzek finantzatu zituzten babes-ekipamenduen instalazioa eta segurtasuneko, prebentzioko eta Covid-ari eusteko neurriak bermatzera bideratutako elementuen erosketa. Alarma-egoerari buruzko dekretutik aurrera gauzatutako gastuen eta inbertsioen % 90 arte estali zituzten. 74 negoziok eskatu zuten guztira, 43.336,62 euro banatuz.

Azken ekimena joan den azaroan onartutako aparteko laguntza zuzenak izan ziren. 84 eskaera erregistratu dituzte eta dagoeneko 87.000 euro banatu dituzte. Zuzeneko laguntza horiek 200.000 eurorainoko aurrekontu-zuzkidurarekin aurreikusi dira eta COVID-19k taberna, jatetxe eta sektore osagarrietako ostalaritza-jardueran emandako neurri murriztaileek eragin dituzten ondorioak arintzeko izan dira.

Abenduan, ateak irekitzea erabaki zuten ostalariei laguntzeko eta etxez etxeko zerbitzua eskaintzen zutenei publizitatea doan egiteko, Gure sukaldetik zurera ekimena jarri zuten abian, eskaintza zehazten zuten informazio-liburuxkak postontzietan banatuz, baita udalaren web orriaren bidez zabalduz ere.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!