Urgozo-iturria txirrindulari elkarteak Zornotzan atzo izandako istripua salatu eta neurriak hartzeko eskaria egin die instituzioei

Ekaitz Herrera 2020ko mai. 5a, 22:07

Zornotzako Urgozo-iturria txirrindulari elkartearen esanetan, "Ibilgailu motordun bateko (autoa) gidariaren ardurabakokeriak" istripu larri bat eragin zuen atzo, "beste behin". Elkarteko kideek besarkada bana eskaini diete larriki zauritutako txirrindulariaren emazteari eta haren alabari. N-634 errepidean herritarren zein txirrindularien segurtasuna bermatzeko dagoen "utzikeria" ere salatu dute

Zornotzako Urgozo-iturria elkarteak gogor salatu du atzo N-634 errepidean txirrindulari batek jasandako istripu larria. Ohar bat kaleratu du eta hainbat salaketa eta eskari jaso ditu bertan. "Salatu gura duguna da ibilgailu motordun bateko (autoa) gidariaren ardurabakokeriak txirrindulari bat harrapatu duela beste behin. Gure errepideen egoera negargarria ere salatu gura dugu, bereziki Zornotza eta Durango lotzen dituen N-634 errepidearen egoera. Instituzioek denon eta gure kolektiboko txirrindularien segurtasuna bermatzeko duten utzikeria ere salatu gura dugu", azaldu dute elkarteko kideek.

Komunikabideen rola ere auzitan ipini dute. Adierazi dutenez, hedabideen gehiengoak ez du gertakariaren berririk eman eta albistea landu dutenek "informazio faltarekin" kontatu dutela diote. "Tristea da ardurabakokeriagatik emandako harrapatze bat 'gertakari', 'istripu', 'txirrindulari eta auto baten arteko kolpea',... bezalako berbekin leuntzea. Kide batek jasandako gertakari larri bati buruz ari gara", azaldu dute. Modu berean Bizkaiko Txirrindularien Federazioak gertakariaren aurrean izandako "isiltasuna" kritikatu du elkarteak.

Segurtasuna bermatzeko eskariak

Zornotzako herrian txirrindularien segurtasuna bermatzeko neurriak falta direla eta, udalari eskatu diote errepideen eta lan publikoen ardura duten instituzioei horren informazioa helarazteko. Bizkaiko Foru Aldundiari errepideen eta bidegorrien mantenua eta txirrindularien segurtasuna bermatzeko neurriak eskatu dizkiote. Baita Espainiar estatuko trafiko eta seguratsun sailari ere. Errepideen ikuskatzea eta kontrola egitea eskatu diote. Azkenik, Bizkaiko Txirrindularien Federazioari eskatu diote tankera honetako gertakarien aurrean posizioa hartu eta salaketak egiteko.

Zornotzan gertatutakoaz gain, beste istripu bat ere egon zen atzo Mallabian.

.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!