Neurri guztietara egokitutako euskara ikastaroak martxan dira Zornotzako Barnetegian, AEKn eta Udal Euskaltegian

Ekaitz Herrera 2019ko ira. 5a, 09:43

Zornotzarrek zabalik eta esku-eskura dituzte euskara ikasi edota hobetzeko ikastaroak. Matrikulazio epea zabalik dago jadanik herriko hiru euskaltegi nagusietan. Zornotzako Barnetegiak, AEK-k eta Udal euskaltegiak herritar bakoitzaren behar eta neurrietara egindako eskaintza diseinatu dute.

Zornotzako Barnetegiak adibidez, urritik ekainera bitarte eskainiko ditu neguko ikastaroak. Hilabete irauten duten klaseak dira, astegunetan bakarrik ematen direnak. AEK-k askotariko maiztasuna duten klaseak eskainiko ditu. Ikas taldeetan "hurbiltasuna" sortzen dela nabarmendu dute, eta guraso taldeak gerturatu  gura dituzte euskarara.  Udal euskaltegiak, ohiko klaseez gain, ostalari eta dendarientzako ikastaroak ere ematea du helburu.

Diru-laguntzak, udalean
Zornotzako udalak diruz lagunduko ditu ikastaroetan izena ematen duten herritarrak. Urrian zabalduko dute diru-laguntzak eskatzeko epea, behin ikasturtea amaituta. Horretarako ezinbesteko baldintza izango da herrian erroldatuta egotea. Amaia Aurrekoetxea euskara zinegotziak euskarara hurbiltzeko deialdia egin die zornotzarrei, "dakitenek hobetu dezaten, eta ez dakitenek ikasi dezaten".

Bestalde, Andoni Agirrebeitia alkateak nabarmendu du udaleko euskara sailak aro berri bat hasi duela Amaia Aurrekoetxearen gidaritzapean. Orain arte, kultura sailaren barruan sartuta egon dira euskarari lotutako udal politikak, baina hemendik aurrera, izaera propioa izango duela azaldu du.“Sail independentea izango da euskararena, entitate propioduna".Erabakia “alderdi politiko guztien hausnarketatik” irtendakoa dela azaldu du.

Iazko aurreikuspen guztiak gainditu ziren Zornotzako euskaltegietan. Barnetegiko zuzendari Maribi Zubiagak, jakinarazi du, izen- emateek gainezka egin zietela iaz, eta matrikulazioa zarratu behar izan zutela. Udal euskaltegiko aktibitateetan hazi egin zen herritarren kopurua, eta AEK-k sendo dagoela esan du. "Aurten Korrikarik edo Euskaraldirik ez dagoen arren, sekula baino indartsuago" dagoela adierazi du Igor Landaluzek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!