Zornotzako EH Bilduk zinegotzi liberatu bat izango du lehenengoz

Joseba Derteano 2019ko eka. 27a, 11:48

Orain arte ez bezala, Zornotzako EH Bilduk zinegotzi liberatu bat izango du legegintzaldi honetan.

Legez horrela dagokielako, eurek egindako eskaera bat dela azaldu du EH Bilduko Ander Uriartek gaur goizeko udalbatzarrean. "Une honetan, udal honen lan bolumena itzela da. Herria handitzen ari da, horrek gestio handia dakar eta jarraipen zehatza egin gura dugu", adierazi du. "Oraindino ez dakigu nor izango den eta noiz eta zelan emango den", gehitu du.

Udalean beste lau liberatu ere izango dira. Alkatea, alkateordea, eta gizarte ekintza eta berdintasunerako zinegotzia dedikazio osora egongo dira, eta enplegu arlokoa, heren bira.

EAJ eta PSE-EEren akordioa

Aurreko legegintzaldian EAJk eta PSE-EEk gobernu akordio bat adostu zuten. Orduan EAJk ez zuen gehiengo osorik. Legegintzaldi honetan, ordea, gehiengo osoa dute jeltzaleek, baina hala ere akordio "programatiko" bat lotu dute sozialistekin Andoni Agirrebeitia alkateak azaldu duenez. "Aurreko akordioa onuragarria izan da herritarrentzako eta errepikatzea erabaki dugu", dio. PSE-EEko Alicia Hernandez Gobernu Batzordeko kidea izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!