"Hemen euskaraz bakarrik gabiltza eta geure burua hizkuntza honetan pentsatzera behartzen dugu"

Joseba Derteano 2019ko ots. 26a, 08:53

Azken hamarkadan, asko garatu da irakaskuntza elebiduna Ipar Euskal Herrian. Beraz, eskariari erantzuteko, euskara eta frantsesa dakizkiten irakasle elebidun gehiago behar dituzte. Irakaslegaiak hizkuntza bietan trebatzeko, Eskola Futura proiektua abiatu dute Euroeskualdearen barruko hainbat unibertsitatek, eta proiektu horren baitan Marian Aramendi (Urruña, 1996) eta Florian Herara (Azkaine, 1997) Zornotzako Barnetegian daude ikasturte honetan, euren euskara maila hobetzeko helburuagaz.

Herarak Ekonomia eta Zuzenbide ikasketak burutu ditu unibertsitatean, eta Aramendik, berriz, Hizkuntza Zientziak ikasi du. Lehen Hezkuntzako irakasle izan gura dute eta oposaketa prestatzera etorri dira.

Euskara maila desberdinagaz hasi ziren Barnetegian. Herarak dio etxean eta lagunekin "gutxitan" egiten duela euskaraz. "Eskolan ikasitakoa nekien", adierazi du. Aramendi, aldiz, euskaldun zaharra da. "Nire familiak euskaraz ere hitz egiten du eta beti izan ditut hizkuntza biak inguruan, euskara eta frantsesa", aipatu du.

Orain arte "oso esperientzia aberasgarria eta erakargarria" bizitzen ari direla dio Aramendik. Izan ere, Barnetegiak eguneko 24 orduetan euskaraz bizitzeko aukera eskaintzen die. "Beti euskaraz ari gara geure artean eta baita hemengo jendearekin ere. Guretzat oso baliagarria da", esan du. Horrela, apurka-apurka, gero eta konfiantza handiagoa dute euskaraz. "Lotsa kentzeko balio izan digu. Ongi hitz egiten ez duena ez da ausartzen besteei euskaraz egitera, nahiz eta jakin", azaldu du Herarak. Euskaldun zaharra denez, Aramendik ere erraztasuna irabazi du euskaraz aritzeko. "Batzuetan ez nekien gauza batzuk euskaraz esaten eta frantsesera jotzen nuen, errazagoa zelako. Hemen, euskaraz bakarrik gabiltza eta geure burua hizkuntza honetan pentsatzera behartzen dugu. Egiten ditugu akatsak, baina horrela ikasten da", adierazi du.

Beraz, ahozkotasuna dezente hobetzen dabiltza. Eta, gainerakoan, zer kostatzen zaie gehien? "Gramatika osoa", dio Herarak, irribarrez. "Frantsesak eta euskarak ez dute loturarik. Hizkuntza biek ez dute logika bera erabiltzen. Nik nahiago dut frantsesa ahantzi eta euskarazko egiturak ikasten hutsetik ikasi, bestela nahastu egiten zara", azaldu du. "Euskaraz pentsatzen saiatzen gara", gehitu du Aramendik.

Herrian, euskaraz
Barnetegietatik irten eta herrietara doazenean, komunikatzeko beste zailtasun bategaz egiten dute bat: euskalkiak. "Batzuetan, nolako lanak ulertzeko! Baina, azkenean, ulertzen da. Bizpahiru hitz hartu eta horrekin testuingurua ulertzen dugu", azaldu du.

Zornotzako kaleetan euskara entzuten dela diote. "Adibidez, kiroldegian denek euskaraz egiten dute, salbuespen batzuk kenduta. Iparraldean baino gehiago entzuten da", dio Hererak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!