Zornotzako emakume merkatariek bat egin dute martxoaren 8ko grebarekin

Anboto 2019ko ots. 21a, 18:01

Greba babesten duen komunikatua argitaratu dute.

Azken asteetan Zornotza M8 Plataformako kideak herriko emakume merkatariekin batu dira. Hausnarketa kolektibo horren emaitza da merkatariek argitaratu duten komunikatua eta jarraian irakurgai dagoena:

Zornotzako emakume* merkatariok bat egiten dugu M8ko greba feministarekin. Emakumeak* garelako. Emakume* izateagatik bizi ditugun diskriminazio- eta indarkeria-egoerak salatu nahi ditugulako. Jendartea eraldatu nahi dugulako, eta, prozesu horretan, bizitzak erdigunean jarri nahi ditugulako.

Komertzioetan, egunero jarduten dugu herriko jendearekin harremanetan, eta hori ere pertsonak zaintzeko modu bat da. Herritarrengandik hurbil gaude, beti haien beharrei adi, beti ahalik eta arretarik egokiena eskaintzeko prest. Beti herrikideak zaintzen.

Jakina denez, komertzio txikiak herri baten izaeraren erakusle nagusiak dira, baita herritarrek dauzkaten baloreenak ere. Alde horretatik, behar-beharrezkoa da merkatarion baloreek feminismoarekin bat egitea. Eragileak gara, eta hala agertu nahi dugu: eragileak gara emakumeak* garelako, eragileak gara feministak garelako.

Pertsonak zaintzearekin batera, gure lurra eta lurretik jasotzen ditugun ondasunak ere zaintzen ditugu, haiek barik ez baitago bizitzarik. Izan ere, komertzio txikiak ezinbestekoak dira herriko jarduera ekonomikoa babestu eta sustatzeko, hau da, bertoko produktuak sortu, eraldatu eta herritarrei eskaintzeko. Jarduera horietan, gainera, emakumeak* dira nagusi.

Baina multinazionalek eta Interneten bidez saltzen duten megaenpresa boteretsuek ez dituzte kontuan hartzen langileen beharrak; alderantziz, gure inguruko eta mundu osoko milaka eta milaka emakume* esplotatzen dituzte. Gainera, emakumeei lurrak kendu eta beretzat hartzen dituzte, eta, hala, haien bizibideak suntsitzen dituzte; etorkizuna lapurtzen diete, eta migraziora eta pobreziara kondenatzen dituzte.

Argi dago: gaur eguneko kontsumo-eredu basatiak ez ditu inondik ere bizitzak erdigunean jartzen. Erabat sexista da, eta sexismoz blaitzen du gure imajinario indibidual eta kolektiboa, gure osasuna, gure bizitzen duintasuna. Ezin dugu izan kontsumo-eredu horren konplize.

Martxoaren 8a borrokarako eguna da, baita hausnarketarako eguna ere. Gure kontsumo-ohiturei buruzko gogoeta egin behar dugu, bai guk, herritarrok, bai gure herriko erakunde publikoek ere. Bizitza erdigunean ipini, eta pertsona guztientzat arduratsua eta bidezkoa den –eta ingurumenarentzat ere jasangarria izango den– kontsumo-eredu baterantz jotzeko pausoak eman behar ditugu.

Horregatik guztiagatik, Zornotzako emakume* merkatariok gure herriko M8 PLATAFORMAk antolatutako mobilizazioetan parte hartuko dugu. Ez gaude bakarrik; kolektibo bat osatzen dugu, eta gure pankartarekin irtengo gara.

Martxoaren 8an, Zornotzako kaleetan izango gaituzue. Bezeroekin batera, herrikideekin. Zuekin.

Zornotzako emakume* merkatariak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!