Ander Uriarte izango da Zornotzako EH Bilduren alkategaia 2019ko udal-hauteskundeetan

Joseba Derteano 2018ko aza. 1a, 12:02
Urko Odriozola ezkerrean, eta Ander Uriarte, eskuman.

Alkategaia aukeratzeko EH Bilduk urrian egindako barneko prozesu parte-hartzailean zortzi pertsona proposatu ziren alkategai izateko. Hauteskunde zerrenda osatuko duten pertsonak izendatzeko prozesua martxoan izango da.

Bi legegintzaldi eta gero, Urko Lopez Odriozolak Zornotzako EH Bilduren ordezkari eta bozeramaile izateari utziko dio, eta Ander Uriarte Pujana izango da alkategaia 2019ko udal-hauteskundeetan, ohar batean jakinarazi dutenez. Uriartek 45 urte ditu, fabrikazio mekanikoko goi-teknikaria da. Urritxen dagoen Zornotza Lanbide Heziketako Zentroan da irakasle, eta 2015-2019 legegintzaldian, EH Bilduko zinegotzia da Zornotzako udaletxean.  

2018ko urriaren 15etik 28ra bitartean egindako barneko prozesu parte-hartzaileari esker zortzi pertsona proposatu ziren Zornotzako EH Bilduren zerrendaburu izateko. Zortzi lagun horietatik bi agertu ziren prest erronkari heldu eta prozesu horretan aurrera egiteko: Ander Uriarte Pujana eta Iñaki Iza Zarazua. "Iñaki Izak, batez ere bere esperientzia eza argudiatuz, nahiago izan du Ander Uriarteren ondoan udal kontuez jantzi, eta ikasten doan bitartean, erronkari elkarrekin aurre egitea, talde bezala. Hortaz, datorren legegintzaldian Ander Uriarteren udal-taldean izateko gogotsu azaldu da, EH Bilduren oinarri sozialak hala erabakitzen badu behintzat", azaldu dute oharrean.

Horrenbestez, Ander Uriartek aurkeztu ditu jada zerrendaburu izateko beharrezkoak diren abalak eta bera izango da EH Bilduren alkategaia 2019ko udal-hauteskundeetan.

Zinegotziak, martxoan

Zornotzako EH Bilduren hauteskunde zerrenda osatuko duten pertsonak proposatzeko eta izendatzeko prozesu parte-hartzailea 2019ko martxoan egingo dute. Alkategaia aukeratzeko egin den moduan, bigarren fase horretan parte hartzeko ere ezinbestekoa izango da EH Bilduren barneko erroldan izena ematea: elkarrekin.ehbildu.eus/.

Behin barneko aplikazioan izena emanda, hauteskunde guztietarako (herrikoak, autonomikoak, Estatukoak eta Europakoak) zerrendak osatzeko prozesuetan parte hartzeko aukera izango da, baita EH Bilduren informazioa nahieran kontsultatzeko aukera ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!