Zornotzan EH Bilduren alkategaia aukeratzeko prozesua hasi dute

Joseba Derteano 2018ko urr. 6a, 09:00
Zornotzako EH Bilduko zinegotziak udalbatzar batean

Hautagaiak proposatzeko epea urriaren 15etik 21era arteko da.

2019ko udal-hauteskundeei begira, Zornotzako EH Bilduk herritar guztiei irekita egongo den barne-hauteskunde prozesu bat abiatu du alkategaia aukeratzeko, ohar batean jakinarazi duenez.

Hautagaiak proposatu ahal izateko zein bozkatzeko ezinbestekoa izango da barne-hauteskundeetako erroldan izena ematea. Horretarako epea hasita dago. Hauek dira prozesuko datak:

- EH Bilduren barneko hauteskunde-erroldan izena emateko epea: irailaren 27tik aurrera.

- Hautagaiak proposatzeko epea: urriaren 15etik 21era.

- Hautagaiaren aurkezpena: urriaren 22ko astean.

Hautagai bat baino gehiago egonez gero, bozketa asteburu batean izango da, azaroan. Internet bidez bozkatzeko aukera egongo da, eta igandean hautesleku bat jarriko dute, botoa bertatik bertara emateko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!