ETAren, GALen, BVEren, poliziaren eta Frankismoaren biktimen testigantzak proiektatuko dituzte karpan, indarkeria mota bakoitzari espazio bat eskainita. Aintzane Ezenarro Gogora institutuko zuzendariak nabarmendu du testigantza eman duten biktima horiek "paper aktibo" bat hartu dutela bizikidetzaren alde, eta bere ustez euskal gizarteak hori eskertu egin behar duela. "Gehienek bat egiten dute indarkeriaren aurkako mezuan, baina gorrotoaren aurkakoan ere bai. Bakearen eta elkarbizitzaren aldeko hazi bat ereiten ari dira".
Astebetez egongo da Memoriaren Plaza Zornotzan. Bertatik 500 ikasle igaroko direla azaldu du Ezenarrok, ikastetxeetatik bideratuta, 4. DBHkoak eta batxilergokoak. Orain arte, Euskal Herrian 40.000 pertsona jaso dituzte ekimenean.