Nobedadeekin hasi dute matrikulazio epea Zornotzako AEK-k, euskaltegiak eta Barnetegiak

Joseba Derteano 2018ko ira. 4a, 15:28

Idoia Zuloaga, Luciano Martinez, Maribi Zubiaga eta Igor Landaluze gaur Etxano Aretioan eskaini duten prentsaurrekoan.

Aurtengo eskaintza zabalaren berri eman dute hiru erakundeetako ordezkariek.

Hirurek nobedadeak dituzte. Zornotzako Barnetegia Eskola Futura izeneko proiektu berri batean sartu da. Proiektu honen helburua Ipar Euskal Herrian klaseak emateko irakasle elebidunak (euskara eta frantsesa) trebatzea da, arlo horretan han dagoen beharrizan “handiari” aurre egin ahal izateko, Maribi Zubiaga Barnetegiko zuzendariaren esanetan. Ildo horretatik, Frantzian magisteritza ikasleak diren sei lagun etorri dira Zornotzako Barnetegira eta euskara batua ikasten dihardute.

AEKrekin, gurasoak eskolara

Goizetan gurasoen lehenengo eginbeharretakoa seme-alabak ikastetxera eramatea da. Bidaia hori euskara ikasteko aprobetxatzea da Zornotzako AEK-ren eskaintza berria. Gurasoek ikastetxean bertan euskaraz ikasteko aukera izango dute, seme-alabak klasean dauden bitartean. Zornotzako edozein ikastetxetan sortu daitezke klaseak, beti ere, gutxieneko talde bat —zortzi lagun— eratzen bada.

Horrez gainera, euskara ikasteko beste hamaika aukera eskaintzen ditu AEK-k, euskara maila edozein dela ere. “Gure beste bereizgarri bat C2 maila aurrez aurreko klaseetan zein on-line bidez eskaintzen dugula da”, azaldu du Igor Landaluze AEK-ko ordezkariak.

Udal euskaltegiak etorkinen taldeari eutsiko dio lehenengoz

2014/15 ikasturtetik hona etorkinei euskara klaseak eskaintzen dizkie Zornotzako udal euskaltegiak. Talde desberdinek ikasturte bat irauten zuten eta gero desagertu egiten ziren. Mugarri hori apurtu dute aurten. Iazko ikasturtean talde bi izan zituzten eta horietako batek jarraitu egingo du aurten. 12 ikasleko talde bat da. “Guretzako pozgarria da, urtero erein dugunaren ondorioa delako. Zerotik hasiko den beste talderen bat edo gehiago sortzea ere gustatuko litzaiguke”, adierazi du udal euskaltegiko zuzendari Idoia Zuloagak.

Horrez gainera, adin nagusikoen talde biek jarraitu egingo dute. 60 orduko ikasturtea zena 90 orduko bihurtu zuten, ikasleek eurek eskatuta. Berriei batean zein bestean sartzeko aukera eskaintzen diete. Horren gaineko bilera urriaren 10ean izango da Nagusi aretoan.

Zuloagak gogoratu du herritarren proposamenak eta beharrizanak entzuteko prest daudela beti eta gutxiengo talde bat sortzen bada, “gutako inork ez du arazorik izango eskaintza baldintza horietara egokitzeko”.

Azkenik, Luciano Martinez kultura zinegotziak aurreratu du euskaraz ikasteko diru laguntzak eskatzeko epea urrian izango dela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!