Nafarroa kaleko aparkalekuaren inguruko obrak amaitu dituzte

Jone Guenetxea 2018ko abu. 23a, 11:24

Espaloiak eraiki dituzte. Oinezkoen pasabideak eta argi berriak ere jarri dituzte. "Guzti honi esker, ingurua erosoagoa da, irisgarria eta segurua oinezkoentzat", azaldu dute Zornotzako udal arduradunek.

Zornotzako Udalak Nafarroa kalea eta Jauregibarria etorbidearen artean dagoen aparkalekuaren inguruko espaloiak eraiki ditu. Helburua komunikazioa hobetu eta aparkalekurako sarbidea irisgarriagoa egitea izan da. Horretarako, aparkalekuaren iparralde eta mendebaldean espaloi bi egin dituzte, 3 metroko zabalera dutenak.

Oinezkoen pasabidea hobetu eta inguruko segurtasuna indartzeko oinezkoen hiru pasabide ere eraiki dituzte. Pasabide horietatik bi jasotakoak dira "oinezkoen irisgarritasuna bermatzeko" eta  bat Aita Santi Onaindia oinezkoen kalearen luzapenean dago eta bestea aparkalekurako sarbidean. "Hirugarren oinezkoen pasabidea irisgarriagoa eta seguruagoa da orain, eta aparkalekuaren eta Enrike Renteria eta Nafarroa kaleen arteko komunikazioa hobetuko du", azaldu dute udal arduradunek.

Lanen aurrekontua guztira 105.000 eurokoa izan da. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!