"Ilusio handia daukagu, eta horregatik bakarrik merezi du. Ekimen polita da, sekula egin bakoa. Ilusioari ate bat zabaldu dio berriro". Julen Nafarrateren berbak dira. Zornotzan Euskaraldia sustatzen dabilen taldeko kidea eta herriko euskara teknikaria da Nafarrate. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean Euskal Herrian egingo den ekimena prestatzen 30 bat laguneko taldea dabil Zornotzan, eta pozik daude parte-hartze handi horregatik. Martxoan hasi ziren elkartzen, eta herriko hainbat elkartegaz gaia konpartitu ostean, ekainaren 15ean aurkezpena egin zuten ekimen ibiltari bategaz. Orain, erronka berezi bat dute jaien harira: Euskaraldiaren proba edo simulakroa.
Marmitako txapelketaren egunean egingo da simulakroa, zita gastronomiko hori arrakastatsua izaten dela aprobetxatuta. " Euskaraldiaren aurretik probatxo edo simulakro bat egitea pentsatu dugu, gure burua probatzeko: ikusteko zelan moldatzen eta sentitzen garen ahobizi eta belarriprest rolak aukeratuta. Izan ere, hizkuntza ohitura batzuk aldatu beharko ditugu ariketa honegaz. Adibidez, ez gaude ohituta elkarrizketa batzuk ele bitan egitera", dio Nafarratek.
Konpromisoa eskatzen
11:00etan ekimenean izena emateko mahaiak ipiniko dituzte, hiru lekutan. Pegatina bat emango diete partaideei, ekimenagaz identifikatzeko, eta ahobizi edo belarriprest rola hartuko du euretako bakoitzak. Nafarrateren esanetan, herritar bakoitzak konpromisoa hartzea bultzatu gura dute, aldekotasuna agertzeko ekintza batetik harago. "Euskararen alde egotea baino, euskararen alde egitea. Ahobizi izatekotan, horrek dakartzan konpromisoak hartzea; marmitakoa kozinatzen duzun bitartean, euskaraz egitea. Belarriprest bazara, zuri euskaraz hitz egitea eskatzen ari zara", adierazi du Nafarratek. Nabarmentzekoa da, bestalde, jaietako simulakroan parte hartzen dutenak zornotzarrak.eus webgunean inskribatuko dituztela baita ere, eta, horrela, automatikoki azaroko Euskaraldirako izena emanda egongo direla.
Gazteak aktibatzeko asmoz
Jaietarako prestatu duten ekimen bereziaz aparte, gazteen artean indarra egiteko ildo bat jorratuko dute, erabilera handitzeko helburuagaz. "Gazteen artean lanketa berezi bat egin gura dugu, euren artean euskara erabiltzea oso garrantzitsua delako. Zornotzako gazteei dei berezi bat egiten diegu, animatu eta parte hartzeko", azaldu du euskara teknikariak.