Iñigo Urkullu lehendakariak Ilarduyaren azpiegiturak bisitatu ditu 100. urteurrenean

Joseba Derteano 2018ko eka. 1a, 13:08

Gaurko ekitaldiko irudia. (Argazkiak: www.irekia.euskadi.eus/)

Zornotzako enpresaren izaera “ekintzailea” eta garai berrietara egokitzeko duen “gaitasuna” nabarmendu ditu.

Iñigo Urkullu lehendakaria Zornotzako Hüttenes-Albertus Ilarduya enpresaren mendeurren ekitaldian izan da gaur goizean, Zornotzan. Urte hauetan guztietan enpresak izandako ibilbidea goraipatu du. “Gorabehera ugari bizi izan dituzue eta, indarrak batuz, proiektu hau aurrera atera duzue, enpresa baterako proiektu gisa ulertu baituzue”, esan du.

Lehendakariak azaldu du Ilarduya enpresa “liderra” dela, galdaketaren industriarako produktuen, teknologiaren eta soluzioen hornitzailea. “Enpresa aurreratua, modernoa eta berritzailea da, nazioarteko merkatura zabalik dago eta bere ingurunearekin eta jasangarritasunarekin konprometituta dago. Ezaugarri horiek guztiek Ilarduya enpresa definitzen dute eta, era berean, euskal enpresaren ereduaren adibide ere bada”, adierazi du Urkulluk.

Gaurko ekitaldian Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretako sailburua, eta, Hüttenes-Albertus Ilarduya enpresako presidente Christoph Koch eta Carsten Kuhlgatz izan dira. Horiez gainera, Ilarduyako David Zorita gerenteak, Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkateak eta Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak ere parte hartu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!