Langabetuei laneratzea erraztuko dien hitzarmena sinatu du Zornotzako Udalak enpresa batzuekin

Joseba Derteano 2018ko mai. 17a, 12:47

Hitzarmena sinatu duten unea.

Enpresek hasierako taldeko parte-hartzaileen %50 kontratatzeko konpromisoa hartzen dute, gutxienez 6 hilabeterako lanaldi osoan edota 12 hilabeterako lanaldi erdian.

Zornotzako Udalak Chaves Bilbao, International Bronmetal, Vizcaína de Industria eta Comercio e Ibaitor enpresekin lankidetza hitzarmen bat sinatu du langabetuei prestakuntza eman eta ondoren laneratzeko. Akordio honekin udalak herriko langabetuen prestakuntza eta enplegagarritasuna hobetu eta herritar hauek laneratu nahi ditu, ohar batean azaldu dutenez. Horretarako, profesionaltasun egiaztagiria lortzeko ikastaroak eskainiko dizkie langabezian dauden herritarrei, ikastaroa amaitu ondoren berehala laneratzeko aukera izan dezaten. Enpresek hautagaien artean gehienez 15 lagun aukeratu ditzakete prestakuntza jaso dezaten.

Enpresek hasierako taldeko parte-hartzaileen %50 kontratatzeko konpromisoa hartzen dute, gutxienez 6 hilabeterako lanaldi osoan edota 12 hilabeterako lanaldi erdian. Kontratua prestakuntza amaitu eta hurrengo hiru hilabeteren barruan egin behar da. Langileak lan kontratu bidez kontratatuko dira. Ezin izango dira ondokoak erabili: praktikaldiko lan-kontratuak edo prestakuntza lotura duten kontratuak.

Kontratazioetan berdintasun printzipioa

Gainera, hautagaiak aukeratzerakoan, gizon-emakumeen arteko berdintasun printzipioa aplikatuko da, gutxienez sexu bakoitzak %40ko ordezkaritza izan beharko duelarik, betiere hautagai kopuruak horretarako bide ematen badu.   

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!