Enpresen, herritarren eta ekintzaileen arteko topagune izango da Zornotzako ‘Ekin Lanari’ foroa

Joseba Derteano 2018ko api. 24a, 09:00

Askotariko hitzaldi eta tailerrak izango dira eguenean, Zornotzako Zelaieta Zentroan.

Zornotzako Udalak ‘Ekin Lanari’ enplegu jardunaldia antolatuko du eguen honetan.  Ekimen honen bidez enplegua sustatu gura dute herrian.

Lan bila dabiltzan herritarrak eta enpresak harremanetan jartzeko aukera emango du hitzordu honek. Halaber, bertaratuen curriculum profesionala hobetzeko dauden hainbat prestakuntza eskaintzaren berri izango dute.

Jardunaldian enpresei bereziki zuzendutako foro bat egongo da. Bertan parte-hartzaileek beraien negozioen eraginkortasuna hobetzeko dauden hainbat laguntzen berri izango dute. Enplegu foro bat egongo da eta herritarrei zuzendutako hainbat tailer eta hitzaldi. Helburua herritarrek eta enpresek dituzten gaitasunak hobetzea da.

Enpresen foroa eta enplegu foroa

Enpresen foroa 09:30etik 14:00etara izango da. Enpresak eta erakundeak bilduko dira hainbat gai lantzeko. Enplegu foroa bestalde, herritarrei zuzenduta dago eta helburua dauden prestakuntza aukerei buruzko informazioa ematea da. Aldi berean, enplegu aukerak eskaini nahi dira eta ekintzailetzarako aholkularitza. Horretarako, gune batean enpresek curriculumak jasoko dituzte eta ikastetxeek beraiek ematen duten prestakuntzari buruzko informazioa emango dute.  

Parte hartuko duen enpresa bat Hetel da. Honek lanbide heziketaren abantailei buruz hitz egingo du. Adecco Profesionalek gehien eskatzen diren profil profesionalak zeintzuk diren azalduko du eta langileak hautatzerakoan zer prozedura jarraitzen den. Merkataritza Ganberak berriz, belaunaldi aldaketari eta herrian negozioak eskuz aldatzeari buruz hitz egingo du.  

Parte hartuko duten enpresak ondorengoak dira: UPV/EHU, Hetel, Lanbide, Caritas, CIFP Zornotza LHII, Dema, Merkataritza Ganbera, Adecco Profesional, Ametx Erakunde Autonomoa, Zulaibar-Arratiako Lanbide Ikastegia eta Enplegurako Udal Bulegoa.


EGITARAUA - APIRILAK 26


Auditoriuma:

09:30-10:30; Enpleguari buruzko datuak (EHU) / Genero desberdintasunik gabeko Lanbide Heziketan
                      ikasi gaur (HETEL).

11:00-11:30; Ekintzaileei informazioa emateko hitzaldia (Zornotza LHII).

12:00-13:00; Ekintzaileekin esperientziak partekatzen.

13:00-14:00; Enplegurako marka pertsonala (DEMA)

15:00-16:00; Ekintzailetzarako marka pertsonala (DEMA).

16:00-17:00; Gehiago saldu. Cross Selling teknikak (merkatariei zuzendutako tailerra).


Sukaldaritza gela:

11:00-12:00; Gazteen berme sistema (Merkataritza Ganbera).

12:00-13:00; Eskatzen diren profesionalen profilak eta hautaketa prozesuak (Adecco Profesional).

13:00-13:30; Gaztedi Plana 2018 (Ametx Erakunde Autonomoa).

13:30-14:00; Formazio dualeko planak eta ETHAZI metodologia. (Zulaibar-Arratiako Lanbide Ikastegia).

14:00-15:00; Belaunaldi aldaketa, herriko negozioak eskuz aldatzea (Merkaritza Ganbera).

15:00-16:00; 'Elkarrizketa eta CV hobetzea' tailerra. (Enplegurako Udal Bulegoa).

16:00-17:00; Elikadura-alergenoak. Ostalaritzako langileei zuzendutako tailerra.

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!