Iñigo Urkullu Zornotzako nazioarteko mintegian izan da gaur

Joseba Derteano 2018ko mar. 7a, 16:47
(Argazkiak: www.irekia.euskadi.eus)

Zornotza Aretoan Delituaren Prebentziorako Analisi Kriminalaren Nazioarteko I. Mintegia egiten ari dira egunotan, munduko hainbat aditurekin. Bigarren jardunaldia bertatik bertara jarraitu du Iñigo Urkullu lehendakariak.

Adituen hitzaldiaren ondoren, lehendakariak hartu du hitza, eta adierazi du mintegia bide berria dela Euskadin dugun hurbileko polizia integralaren eredua finkatzen jarraitzeko. “Bat nator Ertzaintzaren betiko ezaugarri bereizgarriak izan diren konpromiso instituzionalarekin eta pertsonei zerbitzua eta hurbiltasuna eskaintzeko bokazioarekin", gaineratu du. Azaldu duenez, Ertzaintzaren polizia-ereduaren funtsak, konpromisoa, estrategia eta helburuak finkatu ahal izango dira mintegiari esker.

Lehendakariaren ustez, Ertzaintza polizia integrala da, eta “bitarteko eta baliabide profesional nahikoak” ditu Euskadin gertatzen den edozeri erantzuteko. “Herritarrek segurtasun publikoa bermatuta egongo dela pentsatu behar dute”, gaineratu du. Halaber, adierazi du Eusko Jaurlaritza prest dagoela Ertzaintzako langileek parte hartzen duten barne-foroetan elkarrizketa eta akordioa bultzatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!