Ahed Tamimi-ren aita: “Zornotzako Udaleko lagunei, eskerrik asko erakutsi diguzuen babesagatik"

Joseba Derteano 2018ko urt. 26a, 14:14
Jatorri palestinarreko gazteak eta udalbatzarreko zinegotziak gaurko udalbatzar amaieran atera duten argazkian.

Alderdi denek herri adierazpen bat onartu dute Ahed Tamimi gazte palestinarraren egoera salatzeko eta gaurko udalbatzarrean irakurri dute. Ostean, Alba Gutierrez Hiri Ekimeneko zinegotziak Ahed-en aita Bassem-ek helarazi dien esker oneko gutuna irakurri du.

Israelgo ejerzitoak iazko abenduan atxilotu zuen Ahed Tamimi 16 urteko aktibista palestinarra, protesta ekitaldi batzuen osteko egunean. Protesta horretan Israelgo soldadu bati zaplateko bat eman zion. Bere ama ere atxilotu zuten.

Udalbatzarreko alderdi denek (EAJ, EH Bildu, Hiri Ekimena eta PSE-EEk) adostutako adierazpenak Tamimi eta bere familiari “elkartasuna” erakusten die eta erakunde desberdinei palestinar gaztea “berehala askatzea exijitu” dezatela eskatzen die, besteak beste. Adostutako adierazpena Israelgo enbaxadara bidaliko dute.

Alba Gutierrez Hiri Ekimeneko zinegotziak Aheden aita Bassem al-Tamimik helarazi dien gutun bat irakurri du. Gutierrezek Palestinan ezagutu zituen aita-alabak eta azkenekoz atxiloketa baino hilabete lehenago ikusi zituen. Bruselako Europar Parlamentuan izan zen, emakume palestinarren borrokaren inguruko hitzaldi batean. 

Gutierrezek irakurri duen Bassemen gutunak honela dio:  “Zornotzako udaleko nire lagunei. Nire eta nire familiaren izenean gure kausarekiko erakutsi diguzuen babesa eskertu nahi nuke. Nire emaztearen eta alabaren hutsunea ikaragarri igartzen da gure etxean, baina harrotu egiten nau euren printzipioen alde borroka egiten duten emakume ausart bi direla pentsatzeak; hau da, ejerzito sionistaren partetik gure lurraren okupazioa eta usurpazioa eragozten saiatzea. Gaur Ahed borroka horren nazioarteko ikur izatea harrotasun itzela da aita batentzat eta prozesu honen erantzukizun guztiak gure gain hartuko ditugu, kausa honetan bihotzez sinesten dugulako. Berriz ere eskerrak emanez agurtzen naiz”.

Jatorri palestinarreko hainbat gazte batu dira gaurko udalbatzarra bertatik bertara jarraitzera eta amaieran familia argazki bat atera dute gazteek eta zinegotziek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!