AP-8ko bidesariaren kontrako jarrera hartzeko eskatu dio Plataformak Zornotzako alkatetzari

Joseba Derteano 2017ko abe. 20a, 10:03
Peajea kentzeko eskatuz Plafaformak hainbat karabana egin ditu Durangaldean.

AP-8 Peajerik EZ Plataformak mozio bat aurkeztu du udalbatzarrean eztabaidatzeko. Alkatetzak Aldundiari bidesaria kendu diezaion eskatzea gura dute. EAJren eta PSOEren “kontrako botoa” duela aurreratu dute eta alderdi hauei beren jarrera aldatzeko eskatzen die zornotzarren aldetik “babes zabala” duen aldarrikapena delako.

Zornotza eta Erletxe arteko autopista tartea (0.85 euro) autopista sareko “garestienetakoa” dela diote. Kontrako norabidean, Zornotzatik Durangorakoan, bidesaria 2.2 euro da, “hau da, Bilbotik Durangora joateko kobratzen den berdina”.

Zornotzarrek “diskriminazio ekonomikoa argia” jasaten dutela diote. “Ulertezina da EAJren eta PSOEren ordezkariek gainerako alderdietako ordezkarien jarrera ez izatea injustizia honekin amaitzeko”. Herritarren interesak barik “Sabin Etxetik emandako ildoak” jarraitzen dituztela salatu dute.

Bariku honetan udalbatzarra egingo dute eta mozioa gai ordenaren barruan dago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!