Euskadiko automozio sektorean trokelgintzaren eta robotikaren alorreko espezializazio programen hasierako ekitaldia egin dute gaur AIC-Automotive Intelligence Centerren Boroako instalazioetan. HETELek, Euskadiko Gizarte Ekimeneko LHko Ikastetxeen Elkarteak, antolatu ditu programok, AIC-rekin elkarlanean eta Lanbideren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.
Espezializazioa sustatzea eta etorkizuneko euskal industriaren beharrizanei erantzuteko trebakuntza eskaintzea dira ikastaroen helburuak. Edizio honetan Euskadiko LHko ikastetxeetako 30 ikaslek hartuko dute parte —18 trokelgintzakoak eta 12 robotikakoak—, guztiak ere programan parte hartzen duten 16 enpresek hautatuak.
Ikasleek klaseak enpresetako egonaldiekin uztartuko dituzte. Trokelgintzako 18 ikasleek, besteak beste, Matrici, Garita, Batz, eta Irudi eta Gestamp enpresetan egingo dute jarduna. Robotikako 12 ikasleak, aldiz, Inser Robotica, Irudi, Ingemat, Dibal, RPK, Pierburg, Inauxa, Cikautxo, PMG eta Nemak enpresetan ariko dira, besteak beste.