Aludium aluminioa laminatzen duen Zornotzako enpresa erraldoia da. Orain arte, aluminio garbia zuten langaia, baina, aurrerantzean, aluminio zikina edo lakatutakoa ere transformatzea ahalbidetuko dien labe birakorra inauguratu dute gaur. Beraz, zerbeza edo freskagarrien latak ere prozesatu ahalko dituzte, besteak beste. Manuel Ruano Aludium-eko presidenteak adibide bat erabili du aurrerapausua ulertarazteko. "Orain arte urdaiazpiko ondua bakarrik erabiltzen genuen. Hemendik aurrera urdaiazpiko egosia ere erabili ahal izango dugu". Horrek aukera berriak irekiko dizkie eta “energetikoki autonomoagoak” izango dira, Ruanoren esanetan.
Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura sailburuak bistaratu du labea inauguratzeko plaka. Andoni Agirrebeitia Zornotzako alkatea eta beste hainbat erakundetako ordezkari ere batu ditu gaurko bisitak.
Aludium enpresa multinazionala da eta, Zornotzakoaz gainera, beste planta bi ditu. Urtean 300.000 tona prozesatzen dituzte eta gehiena bezeroaren neurrira egindakoa da.
Segurtasun Astea
Aludium-ek askotariko jardunaldiak antolatu ditu, asteon, enpresako segurtasuna indartzeko. Gaur lan istripu baten simulazioa egin dute, egoera horietan zelan erantzuten den erakusteko.