Zornotzako Barnetegiak 25 urte bete ditu. Atzera begiratuta, nolakoa izan da ibilbidea?
Ibilbide emankorra izan da, eskaintza ona eman delako eta erantzun ona izan dugulako, gorabeherak egon diren arren. Emankorra, oraindik jarraitzen duen irakasle talde indartsua lortu dugulako, profesionalki barnetegiagaz batera hazitakoak. Pozik gaude zerbitzu ona eman dugulako, beharrezkoa zen zerbitzua: Bizkaian urte guztian modu iraunkorrean zabalik dagoen barnetegi bakarra da. Euskararen irakaskuntzan zerbitzu profesional eta kalitatezkoa ematea lortu dugu.
Aurten Bai Fundazioak kudeatu du hasieratik.
Bai. Bizkaiko Aldundiagaz batera, udal euskaltegien munduan ibilitako batzuek sortutako egitasmotik datorkio izena fundazioari (1988). Helduei bizkaieraz oinarri-oinarrizko alfabetatze bat emateko egitasmoa zen. Barnetegia kudeatzeko aukera etorri zen gero. Testuinguru horretan, eskolak eman ez ezik, materiala sortu dugu eta Europan hizkuntza gutxituen aldeko eta hizkuntza aniztasunaren inguruko sare batean ere bagaude, besteak beste.
Ertzainen promozio bat izan ziren lehenengo ikasleak.
Bai. Ez zuten nora jo. Euskarak bereak ez zituen zenbait zama zituela ikusten genuen: euskararen irakaskuntza ikuspegi politiko bategaz lotzen zen. Baina, euskara denon altxorra zela-eta, eskaintza profesional eta maila onekoa eman behar genuela erabaki genuen. Etxe hau euskara ikasi gura zuen edonorentzat izan behar zuela, eta euskararenganako maitasuna sortzen eta irakaskuntza profesionala ematen saiatu gara, inor deseroso sentitu gabe.
Aldaketa asko eman dira?
Euskararen inguruko egoera aldatu egin da asko. Euskara irakasten diharduen edozein talde edo elkartek ez du eragozpenik ertzainei edo beste edonori eskolak emateko. Alderdi sozialistako edo popularreko politikari ezagun askori eman dizkiegu eskolak, eta eroso sentitu dira.
Euskal Herritik kanpoko ikasleak ere izan dituzue?
Bai, euskarak nolabaiteko interesa sortzen duelako. Poloniako Poznan unibertsitateko irakurletza bat izan genuen urteetan. Gure irakasleak hara joaten ziren eta hango ikasleak geurera etortzen ziren —horietakoren bat euskara irakaslea izan da—. Euskal diasporagaz ere egin dugu lan eta Etxepare Institutuagaz ere badugu hitzarmen bat.
25.000 matrikula egin dira 25 urte hauetan?
Bai. Guztira, 18 bat mila lagun pasako ziren barnetegitik. Kontuan hartu behar da urtean 12 matrikula epe zabaltzen direla.
Barnetegien berezitasunak kontuan hartuko dituen finantziazio marko “iraunkor” eta “egokia” behar dela aldarrikatu duzue.
Bai. Euskararen Plan Estrategikoak ere jasotzen du, eta lortu nahian lanean gaude. Euskara eskolak ematen ditugu, bai, baina ikasleek ostatu hartzen dute hemen. Egun osoz euskaraz jarduteko aukera dago eta egunero daude kanpo-ekintzak; udako ikastaroetan asteburuan hemen daudenek irteerak dituzte. Hotelaren modukoa da, 24 orduan zabalik. Gainera, zenbat eta gusturago egon —berogailuagaz, wifi-gaz, ondo janda...— are eta hobeto ikasten dugu; ikasketa prozesuan eragiten du.
Esan duzunez, euskaradunak sortzea duzue helburu.
Gure lana, helburua, euskaradunak sortzea da; gure ametsa euskarazaleak sortzea. Hizkuntza bat ikasteko, maitasunezko harremana behar dugu: derrigortuta, lanpostuak eskatzen dizulako ikasiz gero, ez duzu maitatuko eta beharrezkoa duzunean bakarrik erabiliko duzu. Sasoiak ere asko aldatu dira: garai batean euskara ikastera zetorrena militantea zen, orain motibazioak askotarikoak dira.
Uda sasoian doa jende gehien?
Bai. Intentsiboagoa egiten dugu jarduna, hala eskatzen digutelako. Barnetegiak trinkotasuna eskaintzen du, eta 24 orduz inguru euskalduna: ikasteko tokia, ekintzak euskaraz, giro euskalduna... eskaintzen ditu, ikasitakoa praktikatzeko aukera.
Zein da etorkizuneko erronka?
Euskara ikasi gura dutenen beharrizanei ahalik eta erantzun egokiena ematea. Kalitatezko zerbitzua ematea. Urteotan erabilera indartu da, baina, erabiltzeko, jakin egin behar da.
Ezagutza eta erabilera ez daude maila berean.
Kosta zait hori onartzea, erakusteko zein ikasteko egindako ahalegina ikusita. Horren atzean motibazioa, hizkuntzarekiko jarrera daude; ingurua eta hitz egiteko aukerak. Hizkuntza batean zenbat eta hobeto moldatu, orduan eta gusturago ari gara, errazago sartzen gara elkarrizketan. Erabilera inportantea da, baina ezagutu gabe ezin erabili! Horretan eragin gura dugu.