Astelehenean Zornotzako Transportes Aguirre enpresako langile bat hil zen lanean zebilela. Muxikan (Bizkaia) kamioia deskargatzen ari zela bihotzekoak eman zion, sindikatuek informatu dutenez. Istripu ez traumatikoa izan zenez, estatistiketarako bakarrik geratuko den kasua dela susmatzen dute sindikatuek, ez dela lan-istripu moduan hartuko. Garraiolarien sektorean sarritan ematen den kasua dela diote. “Osalanek autopsia egingo du, baina horretaz haratago lan baldintzei buruzko ikerketa bat egin behar luke”, LABeko Ibon Zubielaren ustez.
Istripu ez traumatikoetan lausoagoa izaten da istripuaren eta lan baldintzen arteko lotura. “Guk argi dugu lan istripuak direla”, azaldu du Zubielak. “Lan baldintza kaskarrek, lan erritmo altuak, atseden ezak… Eragin zuzena izaten dute istripuetan”, gehitu du. Ildo beretik mintzatu da ELAko Josu Otzerinjauregi ere. “Argi dugu lan istripuak direna. Mutuak eurak ere estaltzen saiatzen dira erlazio ez zuzen hori aprobetxatuz. Lanetik kanpoko edo ohiko istripu moduan hartzen dituzte”, salatu du gaur istripua salatzeko ELA, LAB, HIRU, ESK, STEILAS eta EHNE sindikatuek deitutako kontzentrazioan.
Kasu traumatikoetan berdina
Garraiolarien kasuan traumatikoak diren istripuetan ere antzerakoa gertatzen dela gehitu du HIRUko Jaione Ugaldek. Trafiko istripuak jarri ditu adibide moduan. “Ematen du garraiolariak edo trafiko istripuetan edo berez hiltzen direla eta ez lan istripuengatik”. Zubielak gehitu duenez, “Osalanek ez ditu errepideetako istripuak ikertzen; zirkulazio istripu moduan hartuta Ertzaintzaren esku geratzen dira, baina ikertu beharko litzateke langileak zer baldintzatan ari ziren lanean eta hori Osalanen ardura da”.
Muxikan hildako langilearen kasuan ere Osalanek “estitisketan sartuko” duen kasua dela susmatzen dute eta ez duela “sakonago ikertuko”.
Bost garraiolari hil dira aurten
2017an 31 langile hil dira Euskal Herrian, sindikatuek informatu dutenez. Horietako bost garraiolariak izan dira. “Ia hileko bat hil da. Euskal Herria moduko herri txiki batean kopuru esanguratsua da”, Ugalderen ustez.