Emakumeak eta genozidioa

Erabiltzailearen aurpegia Xabier Gutierrez

Ez zen gerra zibila, genozidioa baizik. 1936ko uztailaren 18tik militar espainol batzuen altxamendua garatu zen, Europako gobernu faxista batzuen laguntzarekin; Errepublikaren aurkako sedizio ekintza bat eta, are okerrago, arma eta babesik gabeko herriaren kontrako genozidio eta gizateriaren aurkako krimenak egin zituzten.

Behartutako desagerpen eta fusilatze kopurua ikaragarria da. Euskal Herrian, 9.000ra  heltzen da, hau da, biztanleriaren % 4,7. “Fusilatzean bat da hiltzaile, isiltasunean denak” abestu zuen Amets Arzallusek. Gaur egun, Karmelo ikastetxea dagoen lekuan, Bizkaiko Zornotzakoa zen emakume kartzela garrantzitsuenak 1939tik 1947ra bitarte izan zituen espetxe funtzioak. Ez dakigu zenbat emakumek sufritu zuten espetxealdia, baina bai zenbat erail zituzten; 43 emakume eta 10 hilabeteko neskato bat.

Bakea galdu eta gero, zer gertatzen da gaur egun gure herrian? Zornotzako Udalak 2010etik, urtero, maiatzaren 18 inguruan, “gerra zibilean hildako guztiei” omenaldi bat egiten die Zelaieta parkean dagoen plakaren ondoan. Omenaldi horretan genozidioa martxan jarrita demokraziaren aurka altxatu zirenak,  eta errepresio bortitza jasan zutenak plano berean jartzen dituzte. Gernika, Durango, Otxandio, Zornotza… bonbardatu zituztenak eta bonba azpian hil zirenak, bortxatzaileak eta bortxatuak, denak berdinak izango balira bezala. Hori gutxienez ez da nire memoria, memoriaren borroka honetan, nirea frankismoaren aurka frontean borrokatu eta fusilatuta hil ziren 15 zornotzarrekin dago,  eta emakume izate soilagatik errepresio bortitza sufritu zuten emakume guztiekin. Orduko eta gaur eguneko emakume zapalduen aldean nago, genozidak nor diren eta nor omendu behar den argi daukat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!