Autobus geltokiaren faltan Aldunditik irtenbiderik jaso ez dutenez protesta egin dute Bernan

Anboto 2017ko mar. 23a, 17:30

N-634 errepidea ordu erdiz moztu dute gaur eguerdian.

Bernako 25 bat auzotarrek N-634 errepidea ordu erdiz moztu zuten atzo eguerdian. Inguru hartan, Arriandi-Berna auzoetarako sarbideak berrantolatzeko lanak egiten dabil Bizkaiko Foru Aldundia eta, horren ondorioz, lanek irauten duten bitartean, autobus geltokirik barik daude bernarrak obrak hasi zirenetik. Autobusa Euban eta Arriandin geratzen da gertuen eta, autorik ez duenak, oinez joan behar du Bernara. Gainera, tarte hori  oinez egitea“arriskutsua” dela adierazi du Bernako Gontzal Erdoiza auzotarrak, ez dagoelako espaloirik.

Era berean, lanak amaitzean, ezingo da autoz zuzenean sartu auzora Durango-Zornotza norabidean; hau da, ezingo da bidea gurutzatu. Hori ahalbidetzeko, hirugarren errei bat egiteko tokirik ez dagoela esan diete Aldunditik. Auzokideek diotenez, Euban hiru errei daude Bernan baino espazio txikiagoan, beraz, egingarria dela uste dute. Beste irtenbide batzuk ere proposatu dituztela diote. Aldundiko arduradunekin eta batzartu dira. Hala ere,  “aintzat hartu ez gaituzten sentipena dugu”, adierazi dute.

Auzo-taxia Eubara doan

Gaur bertan Zornotzako Udaletik jakinarazi zuenez, udalak eta Aldundiak auzo-taxi zerbitzua handitzea erabaki dute Berna eta Bernabeiti auzoko egoiliarrentzat. Horrela, auzo horretako bizilagunek Eubako geralekuraino taxia doan erabilita joateko aukera izango dute. Zerbitzuak doakoa izaten jarraituko du Bizkaibusek inguruan dituen geralekuak berriro martxan jarri arte. Hori ekain inguruan gertatuko dela aurreikusten dute.

Zerbitzu hori izan nahi dutenak Berna eta Bernabeiti auzoetako egoiliarrak izan beharko dira, auzotaxi zerbitzuaren onuradun izateko baldintzak bete eta udaletxean eskura daitekeen auzotaxi txartela izan beharko dute.Eskatzaileek zerbitzu hori astelehenetik igandera erabili ahal izango dute 07:30etik 19:00etara, taxilariek ahal duten neurrian. Taxilariaren telefonoa honako hau da: 94 673 11 77.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!