Datorren astelehenean, martxoaren 27an, 50 urte egingo ditu Zornotzako Andramari ikastolak. Mende erdira momentu “oso gozoan” heldu direla adierazi du ikastolako zuzendari Aimara Arostegik eta horren arrazoia ikastolaren historian zehar “konpromisoa” erakutsi zuten guraso eta langileei aintzatetsi die. “Guraso kooperatiba gara eta hori mantentzeko bihotza da osagai nagusia. Hori da gure erakusgarri”, adierazi du gaurko prentsaurrekoan. Gaur egun berrikuntza eta hausnarketa prozesuan murgilduta daudela azaldu du. “Gizartearen aldaketaz jabetu gara era horri erantzun bat ematera derrigortuta sentitzen gara”. Gaur egun 586 ikasle dituzte.
Ikastolan ikasitako hainbat ikasle ohi batu ditu gaurko ekitaldiak: Eneko Atxa eta Beñat Ormaetxea sukaldariak, Mikel Urdangarin eta Joe Gonzalez musikariak, Beñat Egiarte tenorea, ‘Anita Maravillas’ antzerki taldeko kide den Miren Larrea, Beñat Ugartetxea bertsolaria, Gorka Barrenetxea ginekologoa eta, Xabi Etxeita eta Asier Goiria futbolariak. Denek ikastolan ibiliko zireneko oroitzapenak gogoratu dituzte eta Ugartetxeak bertso bat eskaini dio: Mila esker Andra Mari ikastola, euskararen izenean, abestuz amaitu du bertsoa.
Ospakizunez betetako astea
Urteurrena ospatzeko hainbat ekitaldi prestatu dituzte datorren astean zehar. “Ikastolako baloreak oinarri hartuta antolatu ditugu”, zehaztu du ikastolako presidente Maria Aldazabalek.
Astelehenean Gernikako arbolaren kimua landatuko dute ate nagusiaren alboan. “Gure proiektua martxan jarri eta bizirik mantentzeko lana urtez urte egin izan duten hainbat protagonista anonimoren omenez” landatuko dute, Aldazabalen berbetan. Besteak beste, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Ana Otaduik parte hartuko du ekimenean. Ondoren, irakasle ohi batzuek oroitzapenak, pasadizoak eta emozioak uztartuko dituen hizketaldia eskainiko dute liburutegian.
Martxoaren 28an, 19:00etan, Ainize Sarrionandia EHUko irakasle eta psikologoak hitzaldia eskainiko du Zelaieta Zentroan. Adimen emozionala eta seme-alabekin zelan landu izango du berbagai. Biharamunean, eguaztenean, Zelaieta pilotalekuak hainbat pilota partidu hartuko ditu 18:30etik aurrera, Iñaki Iza eta Oinatz Bengoetxea pilotari profesionalak bertan direla.
Ostegunean, hilaren 30ean, ‘50 urte kantu kale’ izeneko kalejirak zeharkatuko ditu herriko kaleak. 19:00etik aurrera, eta Kalbario plaza abiapuntu, txistulari eta trikitilarien laguntza izango dute abesti herrikoiak kantatu nahi dituzten guztiek. Ostiralean, hilaren 31n, Ikastola izango da jaiaren erdigunea, eta bertako ikasleak protagonista nagusiak. Goiz osoan hainbat eta hainbat jarduera burutuko dituzte ikasle txiki eta handientzat, bai eta Xaiborren bi emanaldi ere.
Eta apirilaren 1ean, larunbatean, izango da azken jaia, egun nagusia, 12:00etan herriko plazan hasita, herri-kirolen erakustaldia tarteko. 12:30ean kalejira bat abiatuko da bertatik, erraldoien, joaldunen, txistularien eta trikitilarien laguntzaz herria zeharkatzeko. 13:30ean pregoia irakurri eta txupinazoa jaurtiko dute udaletxeko balkoitik. Ondoren, jaia Larreako kiroldegira lekualdatuko da, bertan banatuko baita 500 lagunentzako bazkari erraldoia. Bazkarian zehar bi abesbatzaz, bertsolariez eta azken erromeriaz gozatzeko aukera izango dute bertaratuek.