Baserri hondakinak birziklatzeko aukera zabala dago Durangaldean

Anboto 2017ko mar. 16a, 08:00

Durangoko Garbigunean birziklatuko dira hondakin fitosanitarioak.

Aurreko urteetan ez bezala, aurtengo honetan, baserri hondakin fitosanitarioen birziklatzea Durangoko Garbigunean burutu beharko da.

Aurten ere baserri hondakinen gaikako bilketa burutuko da Durangaldean. Jasoko diren baserri hondakinak fitosanitarioak, zoosanitarioak eta hondakin plastikoak izango dira. Aurten bilketak  berritasunak ditu.

Aurreko urteetan ez bezala, aurtengo honetan, baserri hondakin fitosanitarioen birziklatzea Durangoko Garbigunean burutu beharko da. Hondakin fitosanitarioak ongarrien, herbiziden eta fungiziden ontzi hutsak dira. Hauek astelehenetik domekara eramateko aukera izango dute baserritarrek Durangoko Garbigunera. Honen ordutegia astelehenetik barikura arte 09:00etatik 13:30era eta 15:30etik 18:00etara da. Zapatu eta domeketan, aldiz, goizez bakarrik dago zabalik: 09:00etatik 13:30era.

Hondakin zoosanitarioak, berriz, urtero lez, Abadiñoko DIBA kooperatiban jasoko dira urtean lau saiotan: Martxoaren 29 eta 30ean; ekainaren 28 eta 29an; irailaren 27 eta 28an eta abenduaren 27 eta 28an. Baserri hondakin zoosanitarioak abereak tratatzeko medikamentuak eta txertoen xiringak bezalako hondakinak dira. DIBAn artzain elektrikoen pilak ere jasotzen dira urtean zehar. DIBA kooperatibaren ordutegia honako hau da: 09:00etatik 13:00etara eta 15:30etik 19:30era da.

Bestalde, baserri hondakin plastikoak, negutegiko plastikoak eta silo bolen plastikoak dira. Hauek jasotzeko zerbitzu berezia jartzen da baserritarrek erabil dezaten. Zerbitzua erabiltzeko izena eman behar da aldez aurretik. Plastiko hauek eskualdeko ustiapenetan jasotzen dira zuzenean. Zerbitzua jasotzeko, aldez aurretik deitu behar da Urkiola Landa Garapenerako Alkartera. Hondakin plastiko hauen jasotzea urtean bitan egiten da. Aurten, apirilean eta urrian izango dira bilketak gure eskualdeko ustiapenetan.

Zerbitzu hau jasotzeko datorren hilean, apirilak 3tik 7ra, goizeko 8:00etatik 15:00etara 946203611 telefonoan eman behar da izena. Posta elektronikoz ere izena emateko aukera dago: urkiola@urkiola.org helbidean.

Zerbitzu hau Bizkaiko Fori Aldundiaren, DIBA kooperatibaren eta Urkiola Landa Garapenerako Alkartearen babesari eta lanari esker burutzen da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!