Gernikako Arbolaren kimu batek Santi Onaindia gogoratuko du

Joseba Derteano 2017ko mar. 14a, 09:15

Sortu zeneko 50. urteurrena ospatzeko ekintza sortaren barruan, Udabarri Dantza Taldeak Santi Onaindia gogoratzeko ekitaldia antolatuko du zapaturako.

Hasierako urteetan, Onaindiaren laguntza, babesa eta sostengua garrantzitsuak izan ziren dantza taldeak aurrera jarraitu zezan. Orain, dantza taldea izango da karmeldar apaizaren oroimena betiko hilezkortuko duena. Egun Larreako komentu inguruan Santi Onaindia gogoratzeko dagoen bustoaren alboan Gernikako Arbolaren kimu bat landatuko dute bere omenetan.

Martxoaren 18an, 11:30ean,  Larrean dagoen haur hezkuntzako eskolatik kalejiran joango dira komentura. Bertara heltzean, 12:00etan, dantza saioa eskainiko du Udabarri taldeak eta ondoren arbolaren kimua landatuko dute. Aldundiko eta Zornotzako Udaleko ordezkariak ere izango dira.

Euskal kulturaren zaindari
“Hasierako urteetan bere laguntza oso garrantzitsua izan zen, eta harrezkero ere harreman estua izan zuen dantza taldeagaz”, azaldu du Udaberriko Igone Idigorasek. Santi Onaindiak (1909-1996) 52 urte eman zituen Larreako karmeldar komentuan. Euskara eta euskal kultura sustatzeko lan handia egin zuen. Idazle eta itzultzaile jardun zuen, hainbat lan kaleratu zituen eta 1979tik ohorezko euskaltzain izan zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!