Harrezkero, raparen esentzian dauden izaera aldarrikatzaile eta inkonformista bere egin ditu. Harresiak eraistera eta bidea markatzera ohituta dago. Laster pauso berri bat emango du. Lehenengoz, euskara hutsezko diskoa kaleratuko du. Eta lan berri horretarako abesti batzuk martxoaren 11n, 21:30ean, Zornotzako Zelaieta parkean eskainiko duen kontzertuan aurreratuko ditu.
“Beharrezkoa” zen pausoa zela adierazi du La Basu bilbotarrak. “Aurreko diskorako [Aire es Vida] ‘Trakamatraka’ izeneko euskarazko abesti bat sortu genuen. Gero ohartu ginen euskaraz ziharduen emakumezko rap-kantaririk ez zegoela. Horregatik erabaki nuen hurrengo disko osoa euskaraz egitea; erronka moduan hartu nuen”, azaldu du. Euskaraz badakien arren, 15 urtean bere inguruan euskaraz aritzeko aukerarik ez duela izan dio, eta horregatik “gaitza” egin zaiola asmoa errealitate bihurtzea. Baina lanik handiena eginda du, eta falta zaiona amaitzeko “topera lanean” dabil. Uda heldu orduko argitaratuko du ‘Ni naiz izotz erregina’ diskoa. Urtea amaitu aurretik, gaztelaniazko beste bat kaleratzeko asmoa duela ere adierazi du Bilboko musikariak.
‘Eskina femenina’ proiektua
2013az geroztik Aneguria musikariagaz batera martxan jarritako ‘Eskina femenina’ proiektuagaz dabil. Rapa egin gura duten emakumeei bidea erraztea du helburu. Youtube-n duten kanal batean rapa egiten duten emakumezkoen 1.400 bideo inguru batu dituzte. BasterFest izeneko jaialdia ere antolatzen dute, emakumeei zuzenean abesteko eszenatoki bat eskainiz. Emakumeak protagonista dituen jaialdia da.
Horrez gainera, idazketa tailerrak ere antolatzen dituzte, emakumeentzat zein gizonentzat. “Ez dira talde itxiak. Guretzat oso inportantea da emakume batek rap munduan bizi duena gizonezkoek ere bertatik bertara ezagutzea”, azaldu du La Basuk.