Herritarrei begirako arreta duten sail denek euskaraz hasiko dute hartu-emana herritarragaz. Ondoren, herritarra bera izango da hizkuntza aukeratuko duena, euskaraz jarraituz edo gaztelaniara aldatuz. Orain arte ere udal barruko dinamika horixe izan dela adierazi du Andoni Agirrebeitia alkateak, baina, aurrerantzean, Planean jasota geratuko da. Xabier Irakulis EH Bilduko zinegotziak prozesu honetan “subjektu aktibo” izateko eta eskaerak “euskaraz egiteko” eskatu zien herritarrei udalbatzarrean.
Euren hizkuntza eskubidea urratua izan dela sentitu duen herritarrak kexa jartzeko aukera izango du udaleko webguneari gehituko dioten atal batean zein udaletxean eskuragarri egongo den kexa orrian.
“Ohitura aldaketa”
Gaur egun langile gutxi daude euskaraz ez dakitenak, eta epe laburrean langileen %100 izango da euskalduna, Agirrebeitiaren esanetan. Baina hori horrela izanda ere, udal barruko gune batzuetan hartu-emanetan euskararen erabilera “baxua” dela azaldu du. Planak “ohitura aldaketa” bat bilatzen du arlo horretan, Agirrebeitiak azaldu duenez.