Bihar, 10:00etatik 14:30era, antolatuko dute azoka Zelaieta Parkean. Askotariko 20 postu izango dira: gazta, euskal pastela, loreak, zeramika… Urtero legez, azokaren harira jai giroa sortzeko hainbat ekintza prestatu dituzte. Esaterako, Harriti neska taldeak herri kirol erakustaldiak eskainiko ditu. Bertaratzen diren ikusleei proba batzuetan (trontza, txorokil batzea…) parte hartzeko aukera ere eskainiko diete. Goiz osoan zehar trikitilariek eta txistulariek ibiliko eguna animatzen.
Emakume ekintzaileei zuzendutako jardunaldia
Martxoaren 8aren harira, beste hainbat ekintza prestatu dituzte. Esaterako emakume ekintzaileei begirako jardunaldia antolatuko dute martxoaren 8an. Jardunaldi horrekin beraien negozioa martxan jarri nahi duten emakumeen beharrizan eta kezkak ezagutu nahi dira.
Martxoaren 8an, 13:00etan, ekitaldi nagusia egingo dute Herriko Plazan. Bertan elkarretaratzea egin eta erakunde adierazpena irakurriko dute.
Martxoaren 18an, 11:00etan, Udalak nerabeei zuzendutako Musika Laborategia tailer bat antolatu du Furiaren eskutik. Gaztetxokoan izango da.
Umeek ere egun hau ospatzeko aukera izango dute. Maite Franco ipuin kontalariak Filomena Musugorri, errege ipuina irakurriko die 3 eta 5 urte bitartean dituzten umeei 12:00etatik aurrera. Ordu erdi beranduago, 6 urte baino gehiago dituztenen txanda izango da. Hauek ere ipuina entzun ahal izango dute Udal Liburutegian.
Gainera, martxoan Kine Zikloaren barruan emakumeekin zerikusia duten hainbat film ikusi ahal izango dira. Konkretuki, martxoaren 7an La puerta abierta filmaren txanda izango da. Aldez aurretik, Urgotxouk film honi buruzko irakurketa dramatizatu batekin zikloa aurkeztuko du. Martxoaren 14an, Toni Erdmann filma aurkeztuko dute eta martxoaren 21ean, asteartean, María (y los demás) filmaren txanda izango da. Honen ondoren, solasaldi bat egingo dute.