Etxebarriak gaur goizeko udalbatzarrean eman du bere erabakiaren berri. Legegintzaldia hasi zenetik hona, 21 hilabete eman ditu EAJko zinegotzi. Euskara, Kultura eta Kirol arloko zinegotzia izateaz gainera, Ametx Erakundeko presidentea izan da orain arte. Jardunbide hori, Athletic futbol klubeko marketing sailean egiten zuenagaz uztartu du orain arte. Baina orain “urteetan amestutako” lana eskaini diotela adierazi du: marketing saileko zuzendari izatea. Lan horrek esklusibitatea eskatzen dio. Asteetan lan biak uztartzeko negoziazioetan ibili da, baina ez du lortu eta ondorioz udaleko kargua utzi du. “Ohorea izan da denbora honetan zornotzarren interesak defendatzea. Baita aberasgarria ere”, adierazi du.
Martinez: “Erronka polita da”
Luciano Martinezek ordezkatuko du Etxebarria Euskara, Kultur eta Kirol arloko zinegotzi lez. EAJk bera proposatuko du Ametx Erakunde autonomoko presidente izateko ere.
EAJren hauteskundeetarako zerrendan bera zen hurrengoa. “Erronka polita da eta nire lana ahalik ondoen garatzeko gogoz nago”, adierazi du. Aurretik ere zinegotzi izan da. 1999tik 2003rako legegintzaldian Bego Azarloza alkatearen lan-taldean aritu zen.
Martinezek 65 urte ditu, jubilatuta dago eta 30 urtez Larrea eskolako zuzendaria izan da. Guztira 40 urte eman ditu eskolari lotuta. Leonen (Gaztela-Leon) jaio zen. Madrilen magisteritza ikasketak burutu zituen eta 1975ean etorri zen Zornotzara lan kontuengatik. Euskara ikasi zuen. Bere lehenengo irakasleetakoa Santi Onaindia euskal idazte, karmeldar fraile, apaiz eta itzultzailea izan zen eta sasoi hartako “oso oroitzapen politak” dituela dio.
Mitxel Etxebarria gaurko udalbatzarrean hartutako erabaki jakinarazten: