Zuluaga: “Ezin dugu onartu muga, lerro, hesi edo itsasarte batek pertsonak hiltzea”

Aitziber Basauri 2017ko ots. 11a, 11:00
Argazkia: Begitu

Zornotza Aretoak antolatutako ‘Ongietorri errefuxiatuak’ zineklub zikloan parte hartuko du Mikel Zuluagak, otsailaren 14an. Bera eta Begoña Huarte atxilotu egin zituzten Grezian, errefuxiatu talde bat Euskal Herrira ekartzen saiatzeagatik. Legez kanpoko migrazioa leporatu diete, eta, momentu honetan, behin-behineko askatasunean daude, epaiketaren zain. Desobedientzia zibilaz eta errefuxiatuekin gertatzen ari denaz jardun dugu beragaz.

‘Distric Zero fila’ filma eskainiko dute, martitzenean, Zornotza Aretoan. Munduko errefuxiatu esparrurik handienetako batean, Zaatarin (Jordania) dagoen Al-Wadi da protagonista. Gaur gaurko gaia da hori.
Bai. Egun, Grezian 60.000 pertsona inguru daude errefuxiatu kanpamentuetan, baina, Kenian (Afrika), adibidez, 400.000 errefuxiatu batzen dituen kanpamentu bat dago. Hiri bat. Han 600.000 pertsonatik gora daude kanpamentuetan bizitzen. Hala ere, esan behar da errefuxiatu guztien erdiak baino gehiago ez daudela kanpamentuetan. Asko mugaldeen inguruan daude, hara-hona, hirietan... Arazo larria da ondo kudeatzen jakin ezean. Asian, Afrikan... errefuxiatu kanpamentu piloa daude, eta asko ez ditugu ezagutzen.

Grezian hainbat kanpamentutan egon zara. Zein da egoera?
Vasilikako kanpamentuan milaka errefuxiatu daude, eta Atenasen hainbat etxe daude okupatuta. Plaza hotela, eskolak... milaka etxebizitza daude errefuxiatuek okupatuta. Horiez gain, beste asko eta asko hirian daude, bizimodua aurrera atera guran. Kanpamentu batean sartzean zer egin erabaki behar dute, asiloa eskatu ala ez. Eta askok ez dute gura.

Ceutatik (Espainia) etorri berria zara. Zein da egoera han?
Ceutan eta Melillan bizi dutena bidegabekeria izugarria da. Egoera desberdinak dira guztiz. Denetarik dago, baina, ‘kanpamentuetan ezinbestean geratutako’ familiak dira, batez ere, Grezian daudenak. Umeekin familia mugitzea askoz zailagoa da, eta seme-alabarik ez duten gizonak mugitzen dira gehien. Aldiz, Ceutan eta Melillan, milaka lagun daude hesiaren inguruko mendietan, zain. Egoera muturrekoa eta jasanezina bizi dute. Kontzertina-xaflez betetako sei eta hiru metroko hesietatik egiten dute salto, talde handietan, harrapatu ez ditzaten.

Zelako egoerak ezagutu dituzu Ceutan?
Oso egoera gordinak. Tarajalen egon gara, Ceutako hesia, zati batean, isatsoan sartzen den inguruan. Itsasotik sartzen dira ihes egiteko, baina gehienek ez dakite igeri egiten. Batetik, Espainiako poliziak gomazko balekin hartzen ditu, eta, bestetik, marokoarrek ez diete uzten bueltatzen. Ito egiten dira asko. Ez dakigu zenbat milaka pertsona ito diren. Ezin da onartu. Muturreko egoera da hau, historiako pasarterik ilunenetariko bat bizi dugu. Urrunekoa dirudi, baina, neurri batean, basakeria horren erantzukide gara. Sirian ere, adibidez, hainbat dira aliantzak, batzuen eta besteen babesa dutenak. Gobernuari eta oposizioari laguntzen diegu.

Euren herrialdeetatik ezinbestean ihesi datoz errefuxiatuak.
Bai. Etxea bonbardatu ostean, edozeinek egingo luke ihes albokoaren etxera. Eta albokoaren etxea ere, edo hiria bonbardatuz gero, normala da tokiz aldatzea. Euskaldunok ere egin dugu hori. Basamortutze itzela egonik, urik ez dagoen tokitik ura dagoen tokira joatea normala da; ezin gara urik gabe bizi. Ablazioa existitzen den herrialde batean, aitak ablazioa egitera behartzen bazaitu eta amak ezetz badiotsu, amak leku horretatik irteten laguntzea normala da. Euskal Herriak abegi-lurraldea izan behar du. Hala uste dugu Ongietorri errefuxiatuak mugimenduan.

Errefuxiatu talde bat Euskal Herrira ekarri guran atxilotu zintuzten Begoña Huartegaz Grezian. Europako migrazio legeekiko desobedientzia erakusteko, salaketa politikoa ere egin duzue. Nola ikusten duzue izan duen oihartzuna?
Harrapatu gintuztenean bildur handia genuen errefuxiatuengatik, baina, pixkanaka, arintzen joan zen sufrimendu hori. Aske utzi zituzten. Gure alde deklaratu zuten, eta abokatuak ekimenak izan zuen oihartzuna azaldu zigun. Porrota garaipen bihurtu zuen mugimenduak. Ekintzak sinbolikoak dira, ez dira nahikoa egoera konpontzeko. Baina egoerak berean jarraitzen du, eta lanean jarraituko dugu. Beste bide batzuk topatuko ditugu.

Kontzientziak astintzeko modua da desobedientzia zibila?
Desobedientzia zibilak gobernuak interpelatzen ditu, baina, norberaren burua ere bai. Hori du ona. Munduan 400.000 pertsona daude mugaldeetan. Mugimendu geldiezina da. Ezin dugu onartu muga, lerro, hesi edo itsasarte batek pertsonak hiltzea. Elkartasunaren bidetik joan behar dugu. Denbora luzera landu beharreko kontua da, Euskal Herria berriz ere abegi-lurralde bihurtzeko.

Nola erantzuten du jendeak?
Badago elkartasuna. Egoera ulertzen dute. Baina, herri guztietan dago lo dagoen xenofobia. Denbora luzez transmititu digute desberdina denari beldurra. Gizarte mugimendua hazten den heinean lo jarraituko du, eta atzera eginez gero azaleratu egingo da. Inor ez da jaio gura duen tokian. Arbitrarioa da, guztiz. Naturaren jolasa. Baina, guztiok izan behar ditugu eskubide eta bizi baldintza berdinak.

Tresna eraginkorra da desobedientzia zibila?
Hala uste dugu horretan gabiltzanok. Legedi injustu bat desobeditu gura duen tresna baketsua da, eta desobedientzia hori publiko egiteagaz batera ekarri dezakeen isuna onartzen dugu. Sasoi ilunak biziko ditu Europak, gizarte lez konpontzeko gai ez bagara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!