Zornotzako Udalak martxoaren 7an egingo den Emakume Nekazari eta Artisauen XX. Azokan parte hartzeko izena emateko epea zabaldu du. Emakumeen Nazioarteko Egunaren, martxoaren 8aren inguruan, kokatua, Euskal Herriko hainbat lekutatik etorriko dira emakumeak produktu aukera zabalarekin: ogia, gozogintza, marmeladak, fruta-gozokiak, barazkiak, zeramika, arropak edota birziklatutako osagarriak.
Izena emateko epea gaur zabaltzen da, otsailaren 10era bitartean zabalik egongo da. Azokan ikusgai izango diren produktuak emakumeek eginak izango dira eta emakumeek izango dituzte ikusgai, betiere egoitza Euskal Herrian dutelarik. Eskariak Zornotzako Udaleko Berdintasun Sailean aurkeztu beharko dira eta aukeratutako artisauei beranduen jota, otsailaren 20an egingo zaie jakinarazpena.