Idazketa, sormen, irakurketa eta hizkuntzak lantzeko tailerrak antolatu dituzte ekainera bitartean

Anboto 2017ko urt. 13a, 14:34

Interesdunek Zornotzako liburutegian izena eman dezakete urtarrilaren 20ra arte.

Zornotzako liburutegiak hainbat tailer eta ikastaro antolatu ditu urtarriletik ekainera bitartean, bai ume zein gazteentzat eta baita nagusientzat ere.

Umeek ondokoetan izena emateko aukera izango dute urtarrilaren 20ra arte: adin tarte ezberdinetako irakurketa klubak, kaligramak egiteko tailer bat, istorio harri-garriak sortzeko tailerra (Story Stones) edota kontu-leku tailerra, ume eta gurasoei zuzenduta dagoena. Nagusientzat sormen idazketa tailer bat antolatu dute gaztelaniaz eta beste bat euskaraz eta baita ingelesa eta frantseseko mintzapraktika taldeak ere.

Istorio harri-garriak sortzeko tailerra

Jarduera honetan Story Stones teknika baliabide narratibo moduan erabiliko da istorio bat sortzeko. Parte-hartzaileek testuak sortu eta idazteko aholkuak jasoko dituzte: ordena eta denbora narratiboak, elementu nagusiak, protagonistak, testu motak… Tailer hau 6 eta 8 urte arteko umeei zuzenduta dago eta maiatzaren 5ean egingo da, 18:00etatik 20:00etara.

Kontu-leku tailerra

Istorioak kontatzeko plazerra eta liburuen ezagutzak dakarren liluraz gozatzeko gunea sortu nahi dute, umeak literaturara hurbiltzeko asmoarekin. Guztia jolasaren bitartez egingo da. Ahozko literatura eta fantasiaren bidez, umeen eta beraien familien arteko loturak sendotzea da helburua. Bi talde sortuko dira: 3 eta 4 urte bitarteko haurrentzat eta 5 eta 7 urte bitartekoentzat. Umeekin nagusi bat egon beharko da.

Umeentzako irakurketa kluba

Tailer honen helburua 3 eta 11 urte arteko umeen artean irakurzaletasuna suspertzea da, umeei irakurtzeko espazioa eta baita irakurtzeko denbora eskainiz. Hilean behin burutuko den jarduera honek dinamika parte-hartzailea izango du. Beste gauza batzuen artean, kontzentrazioa eta taldearekiko elkartasuna landuko dituzte eta baita naturaltasunez adierazteko gaitasuna ere.

Kaligramak egiteko tailerra

Kaligrama idatzi bat da, gehienetan poetikoa, non testuak idatziaren gaiarekin zerikusia duen irudi bat osatzen duen. Tailer hau martxoaren 31n egingo da, 18:00etatik 20:00etara, eta 8 eta 12 urte arteko umeei zuzenduta dago. Bertan irudi bat testu (olerki, esaldi, hitz, hitz-multzo…) baten inspirazio moduan aukeratuko dute, irudia bera, testuaren edukiontzia izan dadin. Alde batetik, baliabide narratiboak eta testu bat idatzi eta sortzeko formula desberdinak irakatsiko dituzte eta, bestaldetik, tipografiak, kaligrafiak eta bere irudikapena egiteko formulak (tintak…).

Sormen idazketaren hastapenei buruzko tailerra

Parte-hartzaileei sormena lantzeko bitarteko eta tresnak eskaini nahi dizkie tailer honek eta baita sorkuntza literariora eta idazketaz gozatzera hurbilduko dituen adierazteko gaitasunak garatzeko bitartekoak ere. Idaztea gogoko duten helduei zuzenduta dago eta otsailetik ekainera bitartean hilean behin izango da bi orduko saioa, 19:00etatik 21:00etara. Tailer hau gazteleraz izango da.

Sormenezko idazketa tailerra

Tailer praktikoa da eta helburua idaztera animatzea da eta orri zuriarekiko beldurra uxatzea. Tailerra hilean behin izango da, larunbatez, 10:15etatik 13:15era, guztira 3 ordu. Tailerra euskaraz izango da eta Danele Sarriugarte idazlea arituko da dinamizatzaile lanetan.

Ingeleseko eta frantseseko mintzapraktika taldeak

Ekimen honen helburua hizkuntza bat giro atseginean praktikatzeko tokia eskaintzea da. Asmoa ez da klaserik jasotzea, beste hizkuntza batean hitz egiteari eta ideiak azaltzeari beldurra galtzea baizik. Mintzapraktika taldeetan parte hartzeko beharrezkoa da hizkuntzaren oinarrizko ezagutza izatea. Hizkuntza mailak zehaztuko ditu saioak. Izen-ematea Zelaieta Zentroan egin behar da urtarrilaren 19ra arte. 15 euro ordaindu behar dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!