Gure Esku Dago

Zornotzako hainbat kultur eta kirol taldeetako kideek bat egin dute herri galdeketagaz

Anboto 2017ko urt. 10a, 12:03

“Bizkaiko herri askotan bezala, Zornotzan ere antolatuko den herri-galdeketarekin bat gatozela adierazten dugu”, jasotzen du atzo publiko egin zuten adierazpenak.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko Gure Esku Dago dinamikek sustatuta, Euskal Herriko status politikoaren gaineko herri galdeketak egingo dituzte Zornotza, Durango, Elorrio eta Abadiñon maiatzaren 7an.

2017an zehar, hiru egunetan banatuta (martxoak 19, maiatzak 7 eta ekainak 18), herri galdeketak egingo dituzte Euskal Herriko 140 bat herri edo eskualdetan. Durangaldeari dagokionez, lau herririk handienetan deitu dituzte herri galdeketak momentuz.

Zornotzan herriko hainbat kultur eta kirol elkarteetako kideek babesten duten adierazpen baten berri eman zuten atzo. Adierazpen hori denak elkarrekin aterako familia argazki batekin lagundu zuten.

“Bizkaiko herri askotan bezala, Zornotzan ere antolatuko den herri-galdeketarekin bat gatozela adierazten dugu”, jasotzen du adierazpenak. “Aldi berean, dei egiten dizuegu herritar guztiei, Zornotzan erabakitzeko eskubidea praktikara eramateko izango dugun hitzordu horretan parte har dezagun askatasun osoz bakoitzak geure botoa emanez”. 

Bestalde Zornotzako Gure Esku Dago ekimeneko kideek urtarrilaren 15ean Nafarroa kalean, urtarrilaren 22an Ogenbarrenan eta urtarrilaren 29an Izerren sinadura batzen egongo direla jakinarazi duten. Horrez gain, otsailaren 4an, Santa Ageda egunean talo jana egingo dute Pike Parkean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!