Luis Urrengoetxea kalean herritar batzuek okupatuta duten Ziztada Gune Askea “datozen asteetan husteko arriskuan” dagoela ohartarazi dute guneko kideek. Duela hilabete batzuk lokalaren jabeak jarritako zigor-arloko salaketa “bertan behera geratu zen eta deliturik ez zegoela frogatuta geratu zen”, adierazi dute. Baina, jabeak bide zibiletik beste salaketa bat jarri duela informatu dute. “Lau lagun salatu ditu eta horiei 6.000 euroko inguruko ordainketa eskatu die lokalaren hustuketarekin batera”. Lokala “10 urtez erabili barik” dagoela diote eta gainera“ordenantzatik kanpo dagoen lokala dela”.
Egoera horren aurrean beren jarduera defendatu dute. “Ziztada gune asketik eutsi egiten diogu mundu guztiaren esku dagoen eskaintza kulturala balioesteari”. 2015eko maiatzean lokala okupatu zutenetik kultura arloko eta gai sozialen inguruko hainbat ekintza antolatu dituzte bertan.