Kalean pertsona bat aurpegia buru-beroki bategaz estalita eta pistola bategaz ikusi ostean, zornotzar batek abisua eman zion Ertzaintzari. Gauerdia baino lehentxoago zen. Ertzaintza bertaratu eta ingurua mihatu ostean Karmen kale inguruan dagoen joko-areto batetik pertsona bat irteten ikusi zuen. Pertsona horrek ertzainak ikusi zituenean berriro barrura sartu zen. Handik minutu gutxira pertsona hori bere kabuz irten zen joko-aretotik eskuak buruan zituela, ertzaintzako prentsa zerbitzuak informatu duenez.
Ostean, ertzainak lokalean sartu ziren eta hainbat pertsona komunean giltzaperatuta aurkitu zituzten. Lekuko haiek kontatu zutenez, lapurrak pistola bat zeraman eta mehatxupean sartu zituzten komunean. Aretoa ikuskatzean joko-makina batean atzean gezurrezko pistola bat aurkitu zuten ertzainek. Ustezko lapurrak ia mila euro, poltsa txiki bat eta bihurkin bat zeramatzan aldean.
Horregatik susmagarria atxilotu egin zuten. Indarkeriaz eta beldurrarazteagaz egindako lapurreta, mehatxuak egitea eta pertsonak gogoz kontra geldiaraztea egozten dizkiote.