Joan zen zapatuan Zelaieta Zentroan egin zuten sari banaketa ekitaldia. 14 urtetik gorakoen saria —epaimahaiarena— Lauaxeta ikastolako Elaia Martinezek, Ane Sanchezek eta Xabier Gorostiagak irabazi zuten Stop Bullying izeneko bideo-lanari esker. “Oso ondo azaltzen dute eskola-jazarpena zer den, informazioa ematen dute eta, gainera, konponbideak eskaintzen dituzte”, adierazi du David Murillo Ametx Gazteriako koordinatzaileak. Bullying kasuen aurrean, ‘Gaur ezezagun bat da, baina bihar zu izan zaitezke. Ez beldurrik izan eta kontatu’ da bideo-lanean zabaltzen duten mezua.
14 urtetik gorako beste saria —ikuslearena— Homofobiarik ez lanarentzat izan zen. Lan honek 594 boto jaso zituen internet bidez, eta hauek dira egileak: Mikel Vadillo, Ainara Bilbao, Ainara Rodriguez, Iraide Bidegain, Iker Ramirez, Sandra Palacios eta Sergio Marquez.
14 urtetik beherakoak
14 urtetik beherakoen atalean ere beste sari bi banatu zituzten. Ni naizena naiz bideo-lana izan zen onena epaimahaiaren ustez. Ikuslearen saria, berriz, Beldurrik ez lanari eman zioten. 542 boto jaso zituen guztira lan horrek.