Automozioko trokelgintzan espezializatzeko programa berria abiatu dute Zornotzako AICn

Anboto 2016ko abe. 14a, 14:00

Gaur egin dute aurkezpena Zornotzako AICren azpiegituretan.

Sektoreko zazpi enpresaren ahaleginak bateratuz 27 ikasle prestatuko dituzte. Ezaugarri horiek dituen lehenengo egitasmoa da. Gaur aurkeztu dute Zornotzan.

Gaur LH Dualeko trokelgintza esparruko automozioaren sektoreko espezializazio programa abian jartzeko ekitaldia egin dute Boroako AICren (Automotive Intelligence Center) azpiegituretan. Hori izango da Euskadin eskainiko den ezaugarri horietako lehenengoa.

Programak Eusko Jaurlaritzako LHko sailburuordetzaren eta Lanbideren laguntza jasoko du. Urte batzuetako lanaren ostean, ikasturte honetan, esperientzia hori sustatu dutenen ahaleginari eta Euskadiko Gizarte Ekimeneko Lanbide Heziketako Ikastetxeen Elkartearen (HETEL) lidergoari esker, Lanbide Heziketako bederatzi ikastetxetako 27 ikasle eta trokelgintzaren sektoreko zazpi enpresa −Gestamp, CIE Automotive, BATZ, Matrici, Irudi, Odin eta Tooling Services−, elkartzea lortu dute.

Lehiakortasuna helburu

Euskadiko enpresek oso lehiakorra den merkatu global batean dihardute, eta gaitasun handiko langileak behar dituztela iritzita, mota horretako programek pertsonen espezializazioa eta enplegagarritasuna sustatu gura dute.

Edizio honetan, enpresek aukeratutako Euskadiko LHko bederatzi ikastetxetako 27 ikaslek parte hartuko dute. Hiru urtetan, ikasleek Fabrikazio Mekanikoaren familiako kasuan kasuko prestakuntza zikloko edukiak (lehenengo 2 urteetan) eta trokel eta moldeen diseinuan eta mantentzean prestakuntza espezializatuko 800 ordu (3. urtean) jasoko dituzte. Era berean, hirugarren urtean, automobilgintzaren inguruko proiektuen kudeaketaren inguruko heziketaren espezializazioa jasoko dute 100 ordutan.

Prestakuntza hori HETEL ikastetxeetako irakasleek eta AIC, FVEM, Gestampeko eta beste enpresa batzuetako profesionalek eskainiko dute, metodologia aktiboak eta berritzaileak erabiliz.

Ikasturteari hasiera emateko ekitaldia egin dute gaur. Ekitaldi horretan, besteak beste, LHko zuzendari Ramón Martínez de Murguía, HETELeko lehendakari Julen Elgeta, AIC-ACICAEko Ezagutzaren Kudeaketarako zuzendari Aitor Ruiz eta FVEMeko zuzendari kudeatzaile Jaime Fernándezek parte hartu dute; baita trokelgintzako enpresek eta ikastetxe parte hartzaileek ere. Ekitaldiari amaiera emateko, bisita bat egin dute GTIko (Gestamp Technology Institute) instalazioetara.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!