Aldagela berriak eta handiagoak izango ditu Ganeko igerilekuak

Joseba Derteano 2016ko abe. 12a, 09:28

Ganeko igerilekuek aldagela berriekin irekiko dituzte ateak 2017ko udan. Datorren urteko aurrekontuetako inbertsio nagusienetakoa azpiegitura horiek berritzera bideratuko du udalak: 405.000 euro izango dira guztira. Musika eskolaren eta bidegorri sarearen atzetik, hirugarren diru atalik handiena hartzen duen proiektua izango da.

Ganeko azpiegiturek 30 bat urte dituzte, eta “batez ere, aldagelak oso zaharkituta daude”, onartu du Andoni Agirrebeitia alkateak. Horregatik, orain aldagelak dauden eraikina bota eta berri bat egingo dute. Aldagela “modernoagoak eta ingurumenarekiko iraunkorragoak” izango direla gaineratu du. Tamaina aldetik ere gaur egungoak baino handiagoak izango direla aurreratu du alkateak.

Lan horiekin batera, udako erabiltzaileek eserita edo etzanda egoteko erabiltzen duten igerileku ondoko belardia ere txukuntzeko eta atontzeko asmoa dute. Igerileku biak orain dauden moduan geratuko dira. Proiektu honen bidez, azpiegitura horietako beharrizan nagusienak estaliko dituztela uste dute, eta, hasiera batean, ez dute beste inbertsiorik aurreikusten legegintzaldi honetan.

Martxoan, hasiera
Lanak “prozedura administratiboak ahalbidetzen duen bezain laster” hasiko dituztela esan du alkateak. Seguruenik, martxoan zehar ekiteko moduan izango dira, eta ekainerako amaituta egon daitezke. Udako igerilekuen denboraldia ekain erdian hasten da, eta hiru hile irauten du, irail erdira arte.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!